Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak dirulaguntzak emango dizkie prestakuntza-ekintzak egiten dituzten langabeei edo enplegua hobetu nahian ari direnei

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2020/07/30

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 500 eurokoa izango da pertsonako; sartuta egongo dira prestakuntza-ekintzaren gastuak, beharrezkoak diren materialak, edo prestakuntza-zentrora joateko garraio-kostuak. Diruz lagunduko da Lanbide Heziketako gradu ertain edo goi-graduak egitea, eta enplegagarritasuna handitzen duten ekintzak, hala nola hizkuntzen ikastaro ofizialak edo gidatzeko karneta ateratzea.

Eibarko Udalak prestakuntza-ekintzak egiten dituzten langabeentzako edo enplegua hobetu nahi dutenentzako dirulaguntza-programaren edizio berri bat jarriko du abian aurten. Ekimen honetarako, Udalak 18.000 euroko partida bat jarri du; dirulaguntzen onuradun izango dira Eibarren erroldatuta dauden eta prestakuntza-ekintzak egiten dituzten pertsonak, baldin eta ekintzak 2019ko irailaren 1etik aurrera hasi badira eta 2020an zehar amaitzen badira; edo 2020an hasi eta 2021ean amaitu badira.

Prestakuntza honek enplegagarritasuna hobetzea du helburu eta lan-merkatuan sartzeko aukera gehiago ematea. Horren harira, diruz lagunduko da lanbide-heziketako gradu ertain edo goi-gradu bat egitea, eta enplegagarritasuna handitzen duen beste edozein kurtso egitea, baita hizkuntza-ikastaroak ere; ez dira sartzen A motako (motozikletak) gidatzeko baimena lortzeko ikastaroak.

Udal laguntza hau eskuratzeko baldintzak hauexek dira: Eibarren erroldatuta egotea, gutxienez, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera; 23 urte edo gehiago izatea, 2020ko urtarrilaren 1eko datarekin; eta langabezian edo lana hobetzeko egoeran egotea, alegia, urtebetetik beherako iraupen mugatuko kontratuekin, lanaldi partzialeko kontratuekin eta/edo 1.200 eurotik beherako hileko ordainsari garbia duten kontratuekin, aparteko ordainsarien hainbanaketa barne

Gainera, dirulaguntza eskuratzeko, erabat gainditu beharko du prestakuntza-jarduera, hau da, formazio-jarduera eta hura osatzen duten ikasgai guztiak gaindituta izan beharko ditu.  Hizkuntza-ikastaroen kasuan, titulazio ofiziala eskuratu beharko da, eta, gidabaimenari dagokionez, gidabaimena bera lortu beharko da. Gainera, prestakuntza-ekintza amaitzerakoan, ikastaroaren ikastorduetako asistentzia gutxienez % 85ekoa izatea exijituko da.

Eman daitekeen gehieneko dirulaguntza pertsonako 500 eurokoa izango da.  Diruz lagunduko dira formakuntza-ekintzaren kostua, Lanbideko prestakuntza-zentroen direktorio barruan dauden prestakuntza-zentroetako batean egiteko beharrezkoak diren materialak, eta heziketa-zentrora joateko garraio-gastuak.

Eskabideak egiteko epea abuztu hasieran zabalduko da eta 2020ko urriaren 30ean amaitu. Eskaerak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira, dagokien dokumentazioarekin batera (Pegorako bulegoetan, aurretik hitzordua hartuta), edo elektronikoki, www.eibar.eus Udalaren webgunearen bidez (“Bekak, dirulaguntzak eta laguntzak” atalean), edo Administrazio Publikoen erregistroetan.

Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak hauexek dira: eskabidea bera, behar bezala beteta (Pegoran eta Udalaren webgunean dagoen ereduaren arabera); eskatzailearen NANa; eskatzailearen banku-kontuaren titulartasunaren justifikazio-agiria; prestakuntza-ekintzaren matrikula-orria; langabezian egonez gero, Lanbidek emandako inskripzio-aldien ziurtagiria; eta enplegua hobetzeko egoeran egonez gero, lan-kontratua eta azken hiru nominak.