Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak bi ibilgailu % 100 elektriko hartu ditu errentan Udaltzaingoarentzat

 Udalak erositako ibilgailu elektriko berri baten irudia.

Udalak erositako ibilgailu elektriko berri baten irudia.

2021/01/29

Ibilgailu berriak —gaur aurkeztuko direnak— Nissan markakoak dira eta 4 urterako hartu dira errentan; urteko kostua 35.000 eurokoa da. Halaber, moto elektriko bat erostekotan dira Udaltzaingoarentzat, ingurumenarekiko eta eraginkortasun energetikoarekiko udal konpromisoaren esparruan.

Eibarko Udalak bi ibilgailu % 100 elektriko hartu ditu errenta-erregimenean Udaltzaingoarentzat. Ibilgailuak lau urteko epe baterako hartu dira, eta Udalarentzako kostua urteko 35.000 eurokoa da. Ibilgailuak Nissan markakoak dira, Leaf modelokoak, eta Udaltzaingoak behar duen ekipamendu guztia dauka, baita desfibriladorak ere. Gainera, 270 kilometroko autonomia dute.

Ibilgailu biak gaur aurkeztu dira ekitaldi batean eta bertan izan dira Miguel de los Toyos alkatea, Udaltzaingoaren arduradunak eta Nissan enpresaren arduradunak.

Datozen asteotan, bestalde, Udaltzaingoak moto elektriko bat erosiko du.

Hiru ibilgailu berri hauei gehitu behar zaie 2017an Udaltzaingoarentzat erosi zen ibilgailu hibridoa. Gainera, 2018an Udal Brigadarentzat beste ibilgailu hibridoa erosi zen eta, 2020an, ibilgailu %100 elektrikoa erosi zen. Inbertsio hauek guztiak Eibarko Udalak ingurumenaren alde duen konpromisoan eta erronkan kokatzen dira, hala aurrera egiteko karbonoa jaitsiko duen modelo energetiko batean eta mugikortasun jasangarria sustatu.

Neurri horiekin, Udala urrats garrantzitsuak ematen ari da Eibarko Ingurumen Ekintza Plana betetzeko; plangintza 2018ko abenduan onartu zen eta haren 4.3.1. puntuan, “Udal flotan ibilgailu elektrikoa era progresiboan sartzea” jasotzen du.  Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen arabera, 2020tik aurrera, euskal administrazio publikoek eskuratzen dituzten ibilgailuen % 100ek erregai alternatiboak erabili beharko dituzte.

Aipatu behar da, baita ere, Udalak duela urte batzuk bizikleta elektriko bat erosi zuela, udal langileek herri barruko joan-etorrietan erabil zezaten.

Ibilgailu horiek modu eraginkorrean erabiltzeko, bi karga-puntu jarri dira, bata Udalaren albo batean, non Udaltzaingoaren ibilgailuak aparkatzen diren, eta bestea Udaltzaingoaren lokalean, Corte Inglesetik gertu. Zutoin bakoitzak bi karga-puntu ditu; hortaz, lau ibilgailu elektriko kargatu ahal izango dira aldi berean.

Bi zutoin horiek jartzeak 18.535 euroko kostua izan du (BEZik gabe) eta haietatik 7.317,75 euro Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren mugikortasun eraginkor eta jasangarrirako pizgarrien Programaren (MOVES Programa) esparruan lagunduko dira diruz, bai eta IDAE programaren esparruan ere, zeina Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen baitu Euskadin.

Konpromisoa energia berriztagarriekin

Eibarko Udalak azken urteetan hainbat aitortza jaso ditu efizientzia energetikoaren alorrean egindako lanagatik: CO2 isuriak murrizteko jarduerak, aurrezpen energetikoa eta energia berriztagarrien iturriak erabiltzea. Besteak beste, argiteria publikoan argiteria tradizionalaren ordez LED motako beste batzuk jartzea, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren alderdietan ingurumen-irizpideak bultzatzea, Eibar osoan materia organikoa biltzeko edukiontzia jartzea, biomasa-galdarak leku jakin batzuetan instalatzea edo eguzki-energiako panelak ipintzea.

Halaber, argien koadroetan telegestio-sistemak instalatu dira, eskailera eta arrapala mekanikoetan energia aurrezteko sistemak aplikatu dira 'stop & go' sistemaren bidez, eta elektrizitate- eta gas-hornidurako kontratuak aldatzeko prozesu bati ekin zaio, energia- eta ekonomia-aurrezkiak lortzeko.