Eibarko Udala
gardentasuna

Eibarko Udalak estatu mailako aitortza jaso du Audaz 2025 sarietan, gardentasun proiektuagatik

2025/04/30
Argazkia (ragaesp.org):  Gobernu Irekiaren Sare Akademikoa (RAGA España).
Argazkia (ragaesp.org): Gobernu Irekiaren Sare Akademikoa (RAGA España).

Eibarko Udalak gardentasun instituzionalaren arloan egin dituen jardunbide egokiak aitortu ditu Gobernu Irekiaren Sare Akademikoak (RAGA España). Sari-banaketa ekitaldia maiatzaren 22an izango da, FEMPek Madrilen duen egoitzan, Administrazio Irekiaren Astearen baitan.

Eibarko Udalak akzesit bat jaso du "Gardentasuneko Jardunbide Egoki Onena" kategorian, Gobernu Irekiaren Sare Akademikoak (RAGA España) antolatutako “Audaz Locales 2025” sari nazionalen lehen edizioan. Aitorpen honek Udalak gardentasunarekin eta komunikazio instituzionalarekin duen konpromisoa nabarmentzen du, 2021-2023 Komunikazio eta Gardentasun Planean gauzatua.

2021eko otsailean onartutako Planaren helburu nagusia Udalaren barneko eta kanpoko komunikazioa hobetzea izan zen, eta baita udal-gardentasuna bultzatzea ere. Garatutako ekintzen artean, besteak beste, honako hauek jaso ziren: gardentasun-ataria eta publizitate pasiboaren hobekuntza bultzatzea, administrazio publikoetan komunikazioari eta gardentasunari buruzko jardunaldiak antolatzea, nortasun bisual korporatiboaren proiektu berria egitea, udalaren web-orria eta udal-aurrekontuei buruzko atala bultzatzea eta modernizatzea modu bisual eta ulergarrian, bai eta web-irisgarritasuna eta udal-aplikazio mugikorra hobetzea ere.

RAGA Españak emandako sariak aitortzen du Eibarko Udalak estrategia integral bat ezartzeko egindako ahalegina, zeinak hainbat alderdi jasotzen dituen, hala nola barne-komunikazioa hobetzea, herritarren parte-hartzea eta informazio publikoaren eskuragarritasuna.

Jon Iraola Eibarko alkatea pozik agertu da sari horrekin: "Akzesit hau udal-taldeak Eibarko herritar guztientzat administrazio irekiagoa, hurbilagoa eta gardenagoa sustatzeko egiten duen ahaleginaren eta dedikazioaren isla da".

Bestalde, Vanesa Hortas Gobernua Zabalik Ordezkaritzako zinegotziak adierazi duenez, "2021-2023 Komunikazio eta Gardentasun Plana funtsezko tresna izan da Udalaren eta herritarren arteko harremana hobetzeko, eta informaziorako sarbidea erraztu eta herritarren parte-hartzea sustatu du".

Akzesit hau Eibarko Udalak gardentasunaren eta gobernu onaren arloan lortutako beste aitorpen batzuei gehitu behar zaie, hala nola ELoGE 2021 bikaintasun-zigiluari eta Dyntra plataformaren gardentasun-rankingean duen posizio nabarmenari.

2021-2023 Komunikazio eta Gardentasun Planari eta Eibarko Udalaren gobernu irekiaren arloko beste ekimen batzuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, atal hau bisitatu daiteke udalaren web-orrian: https://www.eibar.eus/eu/gobernua-zabalik/udal-gardentasuna/2021-2023-komunikazio-eta-gardentasun-plana.

AUDAZ 2025 sarietan lortutako akzesitak indartu egiten du Eibarko Udalak kudeaketa publikoaren gardentasunarekin eta etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa, eta sendotu egiten du tokiko esparruan jardunbide egokietan erreferente gisa duen posizioa. Eta horren erakusgarri da "2025-2028 Komunikazio eta Gardentasun Plan" berria. Udala Plan berri horretan lan egiten ari da, eta, ziur aski, datorren maiatzetik aurrera amaitu eta indarrean sartuko da.

Sariak eta goraipamenak maiatzaren 22an banatuko dira FEMPen Madrilgo egoitzan, Administrazio Irekiaren Astearen esparruan. Bertan izango dira Funtzio Publikoaren Estatu Idazkaritzako, Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluko, Datuak Babesteko Espainiako Agentziako eta Informatzailea Babesteko Agintaritza Independenteko ordezkari gorenak. Eibarko Udaletik, Jon Iraola alkatea, Vanesa Hortas Gobernu Zabalik Ordezkaritzako zinegotzia eta Komunikazio eta Gardentasuneko udal teknikaria joango dira, ziur aski.