Eibarko Udala auzo-bilerak egiten hasiko da, proposamenak jaso eta udal-proiektuak partekatze aldera
Lehen bilera Coliseoan izango da azaroaren 18an, eta auzoz auzoko bilerak abenduaren 4ra bitartean egongo dira. Jon Iraola alkateak herritarrak animatu nahi ditu modu aktiboan parte hartzera elkartzeko eta berba egiteko espazio honetan.
Eibarko Udalak bizilagunen bilera-ziklo berri bati hasiera emango dio hilabete honetan, zonaldeka, udalaren eta herritarren arteko zuzeneko elkarrizketa indartzeko, haien kezkak zuzenean ezagutu eta auzo bakoitzean abian dauden proiektuak partekatzea helburu.
Bilerak azaroaren 18an (asteartea), abiatuko dira, 18:30ean, Coliseoan, erdialde-ekialdeari dagokion bilerarekin. Azaroaren 19an izango da bigarren hitzordua, 18.30ean hori ere, udaletxeko Pleno Aretoan. Erdiguneko eta Legarreko bizilagunen txanda izango da.
Hurrengo astean Urkiko auzokideak bilduko dira; hitzordua azaroaren 26an izango da, 19:00etan, Urkiko parrokian.
Abenduaren 1ean (astelehena), 18:30ean, Beheko Tokian izango da batzarra, abenduaren 3an (asteazkena), 18:30ean, Ipuruako Jubilatuen Etxean, eta abenduaren 4an, Amañakoa egingo da, 19:00etan, auzoko parrokian.
Jon Iraola Eibarko alkateak topaketa hauetan parte hartzera animatu ditu eibartarrak, eta azpimarratu du zein garrantzitsua den zuzeneko harremana izatea etengabean auzoekin: “Bilera hauek bizilagunek beren ideiak, kezkak eta proposamenak zuzenean adieraztea ahalbidetzen dute. Herritarrek zer pentsatzen duten bertatik bertara entzuteak aukera ematen digu hobetzeko eta Eibar hurbilagoa, parte-hartzaileagoa eta auzoen benetako beharretara egokituagoa eraikitzen jarraitzeko".
Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasun Saileko arduradunak herritarrekin harreman zuzena izateko aukera hau balioesten du: "Herritarrek beren arazoak konpontzeko aukeratzen gaituzte, eta gure erantzukizunetik uste dugu ez dagoela modu hoberik horretarako auzoan hobetu beharrekoak ikusten dituzten pertsonekin harreman zuzena izatea baino. Egiten dizkiguten galdera guztiei erantzuna emateko lan egingo dugu, eta jardunaldi produktiboak izatea espero dugu".