Eibarko Udala
udal aurrekontuak

Eibarko Udalak aurrekontu-bisore berri bat jarri du abian, udal-baliabideak nola kudeatzen diren erakusteko

2026/03/23
Udal aurrekontuen bisore berria.
Udal aurrekontuen bisore berria.

Tresna digital berriak —eskuragarri dagoena aurrekontuak.eibar.eus webgunean (gazteleraz, presupuestos.eibar.eus)— aukera ematen die herritarrei modu bisu-al, interaktibo eta eskuragarrian udal-aurrekontuak kontsultatu, esploratu eta ulertzeko

Eibarko Udalak udal-aurrekontuen bisore berri bat jarri du martxan. Tresna digital honen bidez, udala nola finantzatzen den eta baliabide publikoak zertan inbertitzen diren argi eta erraz ikusi ahalko da. Dynamic OpenGov Technologies SLk sortutako tresna berria aurrekontuak.eibar.eus URLaren bitartez ikus daiteke (gazteleraz, presupuestos.eibar.eus), eta Fundación Ciudadana CIVIOk 2017an sortutako dondevanmisimpuestos.eibar.eus (euskaraz, noradoaznirezergak.eibar.eus) plataforma ordezkatzen du.

Plataformak —eibar.eus udal-webgunetik sartuta ere bisitatu daitekeena— ahalbidetzen du udal-aurrekontuak grafiko interaktiboen, bistaratze dinamikoen eta datu deskargagarrien bidez kontsultatzea eta ulertzea. Horrela,  udal edo diru-sarrerak eta -gastuak xehetasun maila desberdinekin esplora daitezke.

Bisoreak funtsezko galderei erantzuteko aukera ematen du, hala nola nondik datozen udalaren diru-sarrerak, zertan gastatzen den aurrekontua edo zer arlotan kontzentratzen den gastu publiko handiena, eta, gainera, aurrekontuek azken urteetan izan duten bilakaerari buruzko informazioa ere eskaintzen du.

Udal-aurrekontua hainbat ikuspegitatik kontsulta daiteke:

  • Nola egiten diren diru-sarrerak: udalaren diru-sarreren azterketa, sailkapen ekonomikoaren arabera.
  • Zertan gastatzen den: udal-gastuaren banakapena, kapituluka eta kontzeptuka.
  • Zertarako gastatzen den: aurrekontua politika publikoen eta gastu-arloen arabera bistaratzea.

Informazioa bistaratzeen bidez erakusten da, eta aukera dago xehetasun-maila desberdinen artean nabigatzeko, urteen arteko datuak alderatzeko eta adierazleak kontsultatzeko, hala nola biztanleko gastua edo partida jakin batzuen bilakaera.

Plataforman eskuragarri dauden datu guztiak formatu berrerabilgarrietan deskarga daitezke; horrela, ikertzaileek, kazetariek edo datu publikoetan interesa duen edonork datu horiek aztertu eta berrerabili ahal izango dituzte, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeko araudiarekin bat etorriz.

Gainera, datuak interpretatzen eta udal-aurrekontuak nola funtzionatzen duen ulertzen laguntzen duten azalpenak eta narratibak biltzen ditu bisoreak.

Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan, "ekimen honekin, Eibarko udalak gardentasunarekin, kontu-ematearekin eta informazio publikorako sarbide irekiarekin duen konpromisoa indartzen du, udal kudeaketa herritarrengana hurbilduz tresna digital ulergarri eta eskuragarrien bidez".

Bestalde, Vanesa Hortas Gobernua Zabalik Ordezkaritzaren zinegotziak adierazi duenez, "bisore berri honek aurrekontuei buruzko informazioa modu bisualagoan eta intuitiboagoan aurkeztea ahalbidetzen du, edozein pertsonak datuak arakatu eta udal aurrekontua nola egituratzen den hobeto ulertzeko aukera izan dezan".

Ildo horretan, gaineratu duenez, "tresnak datuak erakusteko modua hobetzeaz gain, kontsultarako formulak ere zabaltzen ditu, ariketak alderatzeko, partiden bilakaera aztertzeko eta informazioa aztertzeko edo berrerabiltzeko deskargatzeko  aukera eskainiz".