Eibarko Udala
bideopodcasta

Eibarko Udalak “Eibarren Gaur” bideopodcasta estreinatu du, herritarrei udalaren egunerokotasunaren berri eman eta udalaren gardentasuna indartzeko

2026/06/04
"Eibarren Gaur" bideopodcastaren logotipo nagusia.

Ekimena 2025-2028 Komunikazio eta Gardentasun Planaren barruan kokatzen da eta aukera emango du udalaren proiektu, zerbitzu eta jarduera nagusiak ezagutzeko, eta elkarteen, kolektiboen eta herritarren esperientzien eta ekarpenen berri izateko. Ekainetik aurrera, hilean bizpahiru atal argitaratu eta Eibarko Udalaren YouTube kanalean egongo dira eskuragarri. Udaleko arduradunek, teknikariek, elkarte-sareko ordezkariek eta herritarrek hartuko dute parte.

Eibarko Udalak "Eibarren Gaur" bideopodcast instituzional berria jarri du martxan. Ekimenaren  helburua da udalaren egunerokotasuna herritarrengana hurbiltzea, gardentasuna indartzea eta komunikazio publikorako modu berriak aztertzea: modu hurbilagoak, eskuragarriagoak eta informazioa kontsumitzeko egungo ohituretara egokituak.

Ekimena ‘2025-2028 Komunikazio eta Gardentasun Planean’ jasotako ekintzen parte da, eta ikus-entzunezko formatuen aldeko apustu egiten du, udalak bultzatutako proiektu, zerbitzu, programa eta jarduera nagusiak modu erraz eta zuzenean azaldu ahal izateko; horrekin batera, herritarren parte-hartzea sustatu nahi du eta hiria garatzen laguntzen duten eragileei ahotsa eman.

Ekainean hasita, hilean bizpahiru atal eskainiko ditu "Eibarren Gaur" podcastak, eta Eibarko Udalaren YouTube kanalean argitaratuko dira. Gainera, kapitulu bakoitzak sare sozialetarako bideo-pilula bat edo gehiago izango ditu, edukien hedapena erraztu eta publiko zabalago batengana hurbiltzeko xedez.

Atal ezberdinetan zehar, bideopodcastak herritarren intereseko gaiak landuko ditu, hala nola San Juan, Arrate edo San Andres jaiak; herriko kultur eta kirol programazioa; turismoa eta "Made in Eibar" markari lotutako estrategia; enplegua, talentua eta garapen ekonomikoa; etxebizitza; hirigintza eta proiektu estrategiko nagusiak; berdintasuna eta Andretxea; haur eta gazteria saila; ingurumen arloko politikak; euskara; ondare historiko eta kulturala;  pertsona nagusiak eta udal-aurrekontuak.

Edukiak udal teknikariek, arlo ezberdinetako arduradunek eta proiektuekin lotutako profesionalek azalduko dituzte nagusiki, toki-administrazioaren eta zerbitzu publikoen funtzionamenduari buruzko informazio zehatza eta ulergarria eskaintzeko helburuarekin. Halaber, elkarteek, kolektiboek, tokiko erakundeek eta herritarrek hartuko dute parte, eta ikuspuntu eta esperientzia desberdinak txertatuko dira, elkarrizketak aberastu ahal izateko.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, "komunikazio publikoak bilakaera bat izan behar du —gizartearen erritmo berean— informazioa kontsumitzeko modu berrietara egokitzeko.  'Eibarren Gaur' ekimenarekin udala are gehiago hurbildu nahi dugu herritarrengana: argi azaldu nahi dugu zer egiten dugun, nola egiten dugun eta zergatik egiten dugun, eta erakutsi udalaren erabakiek nola eragiten duten eibartarren egunerokotasunean”.

 “Gainera, gune bat sortu nahi dugu entzuteko, esperientziak partekatzeko eta herritarren parte-hartze handiagoa bultzatzeko”, gehitu du Iraolak.

Bestalde, Vanessa Hortas Gobernua Zabalik Arloko zinegotzi ordezkariak adierazi duenez, "proiektu honek gardentasunarekin, gobernu irekiarekin eta komunikazio instituzionalaren etengabeko hobekuntzarekin udalak duen konpromisoari erantzuten dio. Informazio publikorako sarbidea erraztu nahi dugu, informazioa ulergarriago bihurtu eta herritarren eta tokiko administrazioaren arteko harremana sendotzeko bideak eskaini".

"Eibarren Gaur" ekimenak, gainera, udalak bideopodcast formatuaren alde egindako apustua sendotzea dakar. Urtarrilean udalak "K-Bitamina. Eibarrek behar duen bitamina" atera zuen, tokiko merkataritzari eta ekintzailetzari eskainitako gunea, merkatarien eta sektoreko profesionalen eskutik hiriko ehun ekonomikoari balioa emateko helburuz. Proiektu berriak esperientzia hori udal-jarduera osora zabalduko du, eta informazio, gardentasun eta partaidetzarako tresna bat izango da. 

Lehendabiziko atala: "Udala herritarrei hurbiltzeko modu berri bat"

"Eibarren Gaur" bideopodcastaren lehen atala dagoeneko ikusgai dago udalaren YouTube kanalean (https://www.youtube.com/@EibarkoUdalaAyuntamientoEibar/podcasts), "Udala herritarrei hurbiltzeko modu berri bat" izenburupean. Lehen atal honetan korporazioko udal-taldeen ordezkariek hartu dute parte: Vanessa Hortas (PSE-EE), Alberto de la Hoz (Eibarko EAJ-PNV), Arantza Mata (Eibarko EH Bildu) eta Isabel Fernandez (Elkarrekin Podemos Eibar). 

Zinegotziek gogoetak partekatzen dituzte komunikazio publikoaren, gardentasun instituzionalaren eta udal-jarduera herritarrei hurbiltzeko beharraren garrantziari buruz.