Eibarko Udala
herritarren partaidetza

Udalak urriaren 12ra arte luzatu du "Auzoak Martxan" ekimen parte-hartzailean izena emateko epea

2026/10/07
Banerra.

Parte-hartze saioak urriaren 14tik 29ra bitartean egingo dira, eta auzoetako erronkak identifikatu eta proposamen zehatzak lantzeko aukera emango dute. Lansaioetan parte hartu nahi dutenek udalaren webgunean (www.eibar.eus) eskuragarri dagoen formularioan eman behar dute izena (https://formularioak.eibar.eus/eu/auzoakmartxan). Plazak mugatuak dira.

Eibarko Udalak urriaren 12ra arte luzatu du «Auzoak Martxan / Bultzatu zure auzoa» ekimenean parte hartzeko izen-emate epea. Ekimen berri honen bidez, Eibarko sei eremutako bizilagunek beren auzoen beharrak eta erronkak identifikatzen eta hobekuntzarako proposamen zehatzak lantzen parte hartu ahal izango dute. Interesdunek izena eman ahal izango dute, formulario honen bidez: https://formularioak.eibar.eus/eu/auzoakmartxan.

Saio bakoitzeko plaza kopurua mugatua da, parte-hartze dinamikaren garapen egokia bermatzeko. Formularioan, dagokien eremuko saioa aukeratzeaz gain, parte-hartzaileek beren auzorako lehentasunezkotzat jotzen dituzten gaiak adierazi ahal izango dituzte, besteak beste, mugikortasuna eta irisgarritasuna, herritarren arteko bizikidetza, Udalarekiko komunikazioa, haurrak eta gazteak, ekonomia, kirola, prozedurak eta izapideak, kultura, euskara, hirigintza eta ingurumena, segurtasuna eta trafikoa, eta berdintasuna.

Saioak urriaren 14tik 29ra bitartean egingo dira, eta formatu dinamiko eta parte-hartzailea izango dute. Hainbat lan-mahai egingo dira, eta bertaratzen direnek beren esperientziak partekatu, eremu bakoitzeko erronka nagusiak identifikatu eta jarduteko proposamenak elkarlanean landu ahal izango dituzte. Egutegia honako hau izango da:

  • Erdigunea-Legarre: urriaren 14an, 18:30ean, Errebal eraikinean.
  • Errebal-Jardiñeta: urriaren 21ean, 18:30ean, Errebal eraikinean.
  • Amaña: urriaren 22an, 18:00etan, Amaña ikastetxean.
  • Ipurua: urriaren 27an, 18:00etan, Ipurua merkatu plaza zaharreko eraikinean.
  • Urki: urriaren 28an, 18:00etan, Arrateko Andra Mari ikastetxean.
  • Urkizu: urriaren 29an, 18:00etan, Urkizu ikastetxean.

Udalak 420.000 euro bideratuko ditu ekimen honetarako (70.000 euro eremuko), prozesutik sortzen diren eta teknikoki, ekonomikoki eta juridikoki bideragarriak diren jarduerak eta proiektuak finantzatzeko.

Beharrak proposamen bihurtzeko prozesua

«Auzoak Martxan» ekimenak eredu parte-hartzaile bat sustatzea du helburu, zeinean  herritarrek Udalari beren premien berri emateaz gain, elkarlanean aritu ahal izango diren eremu bakoitzean identifikatutako erronkei erantzuteko proposamen zehatzak lantzeko.

Saioetan, herritarrek beren auzoetako alderdi positiboak eta hobetu beharrekoak identifikatuko dituzte. Ondoren, taldeko hainbat lan-dinamikaren bidez, erronka nagusiak zehaztu eta lehenetsiko dira, eta jarduteko proposamenak garatu.

Lortutako proposamenak dagokien udal-zerbitzu teknikoei helaraziko zaizkie,  bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta juridikoa aztertzeko. Bideragarriak diren proposamenak herritarren online bozketa egiteko ondorengo fase batera igaroko dira, eta bizilagunek beren auzorako garrantzitsuenak iruditzen zaizkien jarduerak lehenetsi ahal izango dituzte.

Horrela, lortu nahi da herritarren ekarpenek ibilbide zehatza izatea, hau da, asmoa da ideiak saioetan identifikatu eta landu ondoren, azterketa teknikoa egitea eta lehentasunak ezartzea, 2027ko Udal Aurrekontuetan txertatzeko aukera izan dezaten. 

Udalak sei eremuetako bizilagunak animatu nahi ditu «Auzoak Martxan» ekimenean parte hartzera. Ekimenaren helburua da herritarren parte-hartzea indartzea eta auzoekiko harreman zuzenago eta gardenago baterantz aurrera egitea.

Izena emateko epea: urriaren 12ra arte:
https://formularioak.eibar.eus/eu/auzoakmartxan