Eibarko Udala
Komunikazio inkesta

Abian da Udalaren eta herritarren arteko komunikazioaren egoera baloratzeko inkesta

2024/11/11
Artxiboko irudia. Eibarko Udala.
Artxiboko irudia. Eibarko Udala.
Inkesta betetzeko epea azaroaren 11tik 24ra izango da. Online formatuan dago eskuragarri www.eibar.eus udal webgunean, eta paperean ere bai, hainbat udal eraikinetan. Lortutako datuek balioko dute Udalak martxan jarriko duen Komunikazio eta Gardentasun Plan berriaren diagnostikoa osatzeko.

Eibarko Udalak 2024-2027 Komunikazio eta Gardentasun Plan berria jarri du abian, erakundearen barneko eta kanpoko komunikazioa eta udal gardentasuna bultzatzeko, eta Udala herritarrengana gehiago hurbiltzeko beharrezkoak diren tresnak ezartzeko. Plan berriaren diseinuan hurrengo urteetarako proposatutako jarduera-eremuak honako hauek izango dira: barrura begira, Eibarko Udala bera (udal arloak, zerbitzuak eta unitateak, talde politikoak eta sindikatuak), eta, kanpora begira, eibartarrak eta gizartea oro har, eta komunikabideak.

Aurreko planetan bezala, estrategia horren bidez, komunikazio eraginkorra eta kalitatezkoa garatzeko mekanismoak ezarri nahi dira, bai Udalean bertan, bai herritarrekin oro har.

Lehendabizi, Udalean bertan, focus group saioak, elkarrizketak eta galdetegiak egingo zaizkie udal langileei, erakundeak barne-komunikazioaren arloan duen egoerari buruzko azterketa egiteko. Aldi berean, kanpoan, herritarrei zuzendutako gogobetetze-inkesta bat prestatu da, Udalaren eta Eibarko biztanleriaren arteko komunikazioaren egoera hurbilagotik ezagutzeko eta, horrela, proiektuaren gainerako puntuak idatzi aurreko azterketa osatzeko.

Inkesta hori anonimoa eta konfidentziala da, eta gaurtik, azaroaren 11tik, hilaren 24ra arte bete ahal izango da, udalaren webgunearen bidez (https://www.eibar.eus/eu/udala/komunikazioa-baloratzeko-inkesta), eta paperean ere bai, hainbat udal-eraikinetan (Pegora, Juan San Martin Udal Liburutegia, Armagintzaren Museoa, Udal Euskaltegia, kirol-instalazioak...). Halaber, PDF formatuan deskarga daiteke, eta bete ondoren, helbide elektroniko honetara bidali beharko da: komunikazioa@eibar.eus.

Analisiaren atala osatu ondoren, hainbat helburu estrategiko eta espezifiko eta komunikazio- eta gardentasun-ekintza zehaztuko dira, eta, besteak beste, planaren gainerako puntuak osatuko dituzte.