Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mendekotasun edo desgaitasunen bat duen senidearen zaintzaileentzako ikastaroa

2017/09/18

Ikastaro horrek, Eibarko Udalak eta Diputazioak antolatua, helburu informatibo, hezitzaile eta terapeutikoa du, doakoa da, eta urria eta azaroa bitartean egingo da.

Eibarrek ikastaro bat antolatu du mendekotasuna duten senideak zaintzen dituztenentzat; saio teoriko-praktikoen bidez, ezagutza espezifikoak emango dira familiarrei arreta hobea emateko mendekotasun eta/edo desgaitasun egoeran dauden pertsonei; saio hauek oso lagungarri izango dira zaintzaile lana hobeto egiteko.

Ikastaroa Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dute elkarlanean, Sendian programaren barruan, eta helburu informatibo, hezitzaile eta terapeutikoa du. Tailerrak sei saio izango ditu eta Portalean emango da, urriaren 2, 9, 16, 23 eta 30ean, eta azaroaren 16an, 15.00etatik 17.00etara bitartean.

Besteak beste, hauexek dira helburuak: beharrezkoak diren ezagutzak eskaintzea mendekotasun eta/edo desgaitasun egoeran dauden pertsonak artatzeko, oraina eta etorkizuna planifikatu ahal izateko; eta, artatzen diren eta mendekotasun egoeran dauden pertsonek duten autonomia apurrari eusten trebatzea.

Gainera, kontua da zaintza-lana antolatzeko trebetasun berriak erraztea  eta sortzen ikastea, eta, halaber,  pertsona zaintzailearen bizitza pertsonalaren kontziliazioan laguntzea, aholkuak emanez haien beharrei begirako hainbat gauzatan. Era berean, emakume zaintzaileak ahalduntzea sustatu nahi da zaintza-lana antolatu eta banatzeko orduan familia barruan negoziazio-gaitasuna hobetzeko.

Horretarako eta sei saioetan zehar, halako gaiak jorratuko dira: zaintza-lanen antolaketa, autozaintza-, komunikazio- eta erlaxazio-teknikak, autoestimua, genero-identitatearen eraikuntza, gizonaren eta emakumearen gaur egungo egoera zaintza-lanei buruz, zaintzea eskubide gisa, osasun-gaiak, erizaintza eta laguntza teknikoak, lehen laguntzak, transferentziak, laguntzako produktuak, gizarte-baliabideak, osasun-baliabideak, artatutakoen gaitasun pertsonalei buruzko alderdi legal eta etikoak, aldez aurreko borondateak, gaitzea eta ez-gaitzea, testamentuak eta  herentziak.

Ikastaroa doakoa da eta Matia Fundazioko adituek emango dute; taldean gutxienez hamabi lagunek eta gehienez hogeik hartuko dute parte, eta gaztelaniaz izango da.

Ikastaroan parte hartzeko izen-ematea Pegoran, Herritarren Zerbitzurako  Bulegoan izango da, udaletxeko etxabean, Untzaga plazan, irailaren 18an (hurrengo astelehena) eta 28an (biak barne). Aurkeztu beharreko idazkia, behar bezala beteta, Pegoran dago nahi duenaren esku eta Udalaren webgunean (www.eibar.eus).

Izena ematen dutenak hamabi baino gutxiago badira ez da ikastarorik egingo, eta hogei baino gehiago badira izen-emate guztiak onartuko dira eta zozketa bat egingo da ikastaroa egingo dutenak zeintzuk izango diren jakitekoa.