Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Klima Aldaketaren Aurkako eta Energia Jasangarriaren aldeko Udal Ekintza Plana egiteko lanak laster jarriko ditu martxan Udalak

Alkateen klimari eta energiari buruzko itunaren logotipoa.

Alkateen klimari eta energiari buruzko itunaren logotipoa.

2020/03/26

Proiektua Eibarko Udalak hartutako konpromisoen barruan kokatzen da, Klima eta Energiari buruzko Alkateen Itunari atxiki ondoren.

Behin udal aurrekontuak onartuta, Eibarko Udaleko Ingurumen arloak martxan jarriko ditu, laster, Klima Aldaketaren Aurkako eta Energia Iraunkorraren Aldeko Udal Ekintza Plana egiteko lanak, udal mailan.

Plan hori Eibarko Udalak hartutako konpromisoen artean dago, Klima eta Energiari buruzko Alkateen Itunari berriki atxiki ondoren. Itun horretan EAEko 19 udalerrik parte hartzen dute, eta horien artean dago Eibar. Udalerri horiek Europar Batasunak klimaren eta energiaren arloan finkatzen dituen helburuak ezartzeko konpromisoa hartu dute.

Alkateek Klima eta Energiari buruzko Itunari atxikitzeak esan nahi du, alde batetik, Udalak bere esku dagoen guztia egin beharko duela CO2ren eta berotegi-efektuko gainerako gasen isurketak % 40 murrizteko, gutxienez, hemendik 2030era, udalerri osoan, bereziki energia-eraginkortasuna hobetuz eta energia-iturri berriztagarriak gehiago erabiliz, eta, bestetik, hiria klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

Era berean, konpromiso horien barruan sartzen dira erreferentziako isurien inbentario bat egitea, klima-aldaketatik eratorritako udalerriaren arrisku eta kalteberatasunen ebaluazio bat eta neurrien ezarpenari eta horien ondorioei buruzko egoera-txosten bat, gutxienez bi urtean behin.

Eibarko Udaleko Ingurumen zinegotzi Jon Iraolak adierazi duenez, "Klima Aldaketaren eta Energia Jasangarriaren Aurkako Udal Ekintza Planarekin urrats garrantzitsua ematen dugu Udalak ingurumenaren arloan datozen urteetarako zehaztuta dituen eta 2018an egindako hausnarketa-lanetan jada zehaztuta dauzkagun ekintzak betetzeko".

Plana egiteko, lan handia egin behar da aldez aurretik. Hala, Eibarko udalerriaren diagnostiko bat egin beharko da. Diagnostiko horretan, besteak beste, berotegi-efektuko gasen isurketen bolumena eta per capita energiaren azken kontsumoa, sektorekako emisioak (lehen sektorea, zerbitzuak, industria, etab.) eta Eibarko udalerriak klima-aldaketaren aurrean dituen arriskuen eta kalteberatasunaren analisia jaso beharko dira.

Horri esker, dagozkion ekintzak planteatu ahal izango dira, eta horietako askok udalerriko sektore eta eragile guztien inplikazioa beharko dute.

Iraolak gaineratu duenez, Klima Aldaketaren eta Energia Iraunkorraren Aurkako Udal Ekintza Plana 'batez ere, plangintza tresna bat da, gure helburuak lortzeko jarraitu behar dugun bide orria. Laburbilduz, klima-aldaketak udalerrian dituen ondorioak arintzeko zer egin behar dugun modu ordenatuan programatzea ahalbidetuko digun tresna bat da (adibidez, udalerrian berotegi-efektuko gasen isurketak murriztuz), hartara egokitzen dela bermatzeko eta, batez ere, gai horretan kultura komuna sortzeko. "