Kaleak asfaltatu eta oinezkoentzako pasabide goratuak egingo dira hainbat kaletan
Eibarko dozena bat kaletan asfaltoa berriztuko dute hurrengo asteotan. Halaber, pasabide goratuak egingo dira herriko hainbat gunetan. Urte honi dagokion asfaltatu eta pasabide goratuen proiektua aste honetan hasi da eta zortzi aste iraungo du, eguraldia gorabehera. Jarduera hauen aurrekontua 409.380,98 eurokoa da, eta Excavaciones y Transportes Orsa SM enpresak egingo ditu, hura izan baita bi obren adjudikazioa lortu duena.
Lehen asfaltatze-lanak aste honetan hasi dira Arrate Bide kalean (2 eta 4 zenbakiak), eta hurrengo asteetan jarraituko dute beste gune batzuetan. Hain zuzen, honako kaleetan: Bidebarrieta (29 eta 39 zenbakietan), Ipuruan (futbol-zelaiko kurban), Pagaegin, Ibargainen, Jardiñetan (9 eta 15 zenbakien artean), Isasin, Untzaga plazan (11 zenbakia), San Kristobalgo kalexkan, Juan Antonio Gisasolan (1 zenakia). Era berean, Aginaga inguruan eta Legarregain-Arratebide sarbidean ere egingo dira obrak eta Julian Etxeberriako bidartea kendu egingo da.
Pasabide goratuei dagokienez, Abontza Bide eta Legarregain artean pasabide bat egiten hasi dira eta beste batzuk egingo dira San Andres kalean (Legarrera doan pasadizorako sarbidean), Ardantzan (garajeetarako sarbide baten aurrean), Blas Etxeberrian, Arrate Bide 2 zk.an (Legarregainera igotzen diren eskailerak hartzeko gurutzatzen duena), Bidebarrieta 14 zk.an, Sansaburuko haurtzaindegi parean, Tiburtzio Anitua eta Bustinduitarren arteko bidegurutzean. Gainontzeko obrak Urki kalean (Urki-Polonia Etxeberriako igogailu ondoan), Txonta 52 zk.an, Sostoatarren 15 zk.an, Jardiñeta kalean 14. zk.an eta San Juan 19an. Eta gainera, Miguel Aginagako oinezkoen pasabidea aldatu egingo da. Halaber, pasabide goratu bat egingo da Ipuruako futbol-zelaiaren ostean eta Bittor Sarasketan, Zezenbideko espaloia zabaldu egingo da eta konpondu egingo dira Mekolako kutxatila batzuk.
Obra hauekin, ibilgailuen abiadura murriztu nahi da pasabide horiek egingo diren bideetan.
Obra hauek egiteko, batzuetan gauez jardun beharko dute lanean edo Udaltzaingoak arautuko dituen ordutegi espezifikoetan, zirkulazioa ez eragozteko. Beste kasu batzuetan, oinezkoentzako beste bide alternatibo batzuk jarriko dira.