'Debabarreneko III. Gazta Astea' egingo da urriaren 19tik 28ra bitartean
Eibarko Udalak, Debemen, Debabarreneko Landa Garapen Elkartearekin eta eskualdeko hainbat gaztandegirekin batera, Debabarreneko III. Gazta Astea antolatu du urriaren 19tik 28ra bitartean, Debabarreneko artzaintza eta gure artzainek burutzen duten lana ezagutzera emateko asmoz.
"Gaztarekin jolastuz" izenburupean, bihar ostirala, urriak 19, "show cooking" bat egingo da eskualdeko gazta, txakoli eta sagardoekin Eibarko Udaletxeko patioan, 19:15ean, Mikel Garaizabal enologo eta Oscar Treviño sukaldari eibartarrarekin. Gainera, ondorengo gaztandegi eta baserrietako produktu ugari dastatzeko aukera egongo da: Goienetxe (Beñat Egaña), Mausitxa (Iñaki Ansola), Sosola (Enrike Gisasola), Egotza (Nagore Martín) eta Axeleku-Mallegoi (Ruben Markina). Lehen hirurak ardi gazta eskainiko dute, Egotzak ahuntz gazta eta Axeleku-Mallegoi baserrikoek behi gazta. Halaber, Sagarmiña Txakolina (Mutriku), Flysch Txakolina (Itziar) eta Txindurri (Itziar) egongo dira. Ekimenean parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea 943-744067 telefono zenbakira (Debemen) deituta; 40 lagunentzako tokia izango da.
Bestalde, igande honetan, urriak 21, Untzaga plazan ipiniko den karpan Debabarreneko Gazta Azoka ospatuko da, 10:00etatik 14:00etara. Bertan, hainbat gaztagilek hartuko dute parte eta eskualdeko gaztak erosteko eta baserritar gaztagileak ezagutzeko aukera ezin hobea izango da. Gainera, gaztaren produkzioaren inguruan eta artzaintzari buruz sortzen diren zalantzak zuzenean argitu ahal izango dira. Halaber, gazta egiteko prozesuari buruzko eta latxa ardiaren artilea eraldatzeko prozesuaren inguruko erakustaldiak izango dira. Bestalde, umeentzako tailerrak izango dira: gazta egiteko tailerra; irute eta ehuntzea; eta artile tindaketa.
Bisita gidatuak
Era berean, urrian zehar hainbat bisita gidatu antolatu dira eskualdeko gaztandegi desberdinetara. Helburua da abeltzainen bizimodua eta gaztaren prozesua bertatik bertara ezagutzea eskualdeko gaztagileen baserrietan. Urriaren 20an, larunbata, Elgoibarko Mausitxa baserrira egingo da bisita eta urriaren 28an Mutrikuko Goienetxera. Interesatuek 943-744067 telefono zenbakira deitu beharko dute izena emateko.