Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

“Beharra daukat-Lo necesito ya” kanpaina iritsi da Eibarrera

“Beharra daukat-Lo necesito ya” kanpaina iritsi da Eibarrera

Udal ordezkariak eta ACCU Gipuzkoako kideak.

2017/05/30

Helburua da Crohn eta ultzeradun kolitisaren gaixoei komunera iristeko modua erraztea. Gainera, pazienteen bizi-kalitatea hobetu nahi da, baita aipatutako gaixotasunei buruzko informazioa zabaldu eta gaixo horiek dituzten premiak eta beharren inguruko kontzientzia eragitea ere gizartean.

ACCU Gipuzkoa Crohn eta ultzeradun kolitisaren gaixoen elkarteak bultzatutako "Beharra daukat-Lo necesito ya" kanpainarekin bat egin du Eibarko Udalak. Hala azaldu dute gaur asteartea, maiatzak 30, prentsaurrekoan Idoya Sarasqueta Gizartekintza zinegotziak, Jone Argoitia Gipuzkoako Crohn Gaitza eta Ultzeradun Kolitisa duten pertsonen Elkarteko (ACCU) Lehendakariak eta erakundearen beste kide batzuek.

Gipuzkoako ACCU elkarteko Lehendakaria den Jone Argoitiak azaldu du gaitza ez dela kutsagarria baina ezerosoa dela pairatzen duten gaixoentzako. Gainera, Crohn eta Kolitis Ultzeratua bezalako osasun arazoak dituzten gaixoek muga asko izaten dituzte bai etxetik ateratzeko, baita harremanak estutzeko garaian ere. Horregatik, pertsona horien bizi kalitatea hobetze aldera hasi zuen Gipuzkoako ACCU elkarteak, ”Beharra daukat” ekimena, baita, arazo mediku baten ondorioz, premiaz, komunera joan behar duten pertsonei laguntzeko ere.

Ekimena aurrera eramateko herritarrak sentsibilizatzea nahi da aipatutako gaixotasunen inguruan eta Udalak lan egingo du hiriko dendak eta tabernak kanpainara atxikitzeko.

Egitasmo honekin bat egiten duten establezimenduek identifikagarria den pegatina bat jasoko dute eta beren komunetara sartzen utziko dituzte Crohn eta ultzeradun kolitisaren gaixoak. Betiere, aurrez sendagile batek ziurtatu beharko du gaixoaren egoera medikua zein den, eta behin hori egiaztatuta, txartel bat jaso eta ekimenean parte hartzen duten saltoki, bulego edo erakundeetako komunetara sartzeko aukera izango dute txartela erakutsita soilik, eta azalpen gehiagorik eman beharrik gabe. Ekimen honetan dagoeneko 300 denda, saltoki edo bulego inguruk hartzen dute parte. Txartela eskuratzeko edo laguntzaile izateko interesa dutenek www.beharradaukat.eus webgunera jo dezakete; bertan aurkituko dute baita ekimenera atxikituta dauden denda, elkarte edo erakundeen zerrenda ere.

Erabili daitezkeen udal-establezimenduak ondorengoak dira: Udaletxea, Portalea, Ipurua, Beheko Tokia, Urki eta Untzaga jubilatuen etxeak, Orbea eta Ipurua polikiroldegiak eta Unbe.