Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Argitaratu dira 18 eta 35 urte bitarteko Eibarko gazteei zuzendutako etxebizitza alokatzeko diru-laguntzen programaren oinarrriak

2016/01/08

Horren bidez, Eibarko Udalak gazteei aukera gehiago eskaini nahi dizkie euren behar eta egoeretara ondo moldatzen den etxebizitza duina lortzeko. 2016ko udal-aurrekontuak onartzen direnean, deialdia argitaratuko da, eta interesdunek zer agiri aurkeztu behar duten jakinaraziko da. Oinarriak argitaratu ondoren, 30 eguneko epea hasi da alegazioak aurkezteko.

Hasia da jada Eibarko gazteen emantzipazioa errazteko etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzen udal programa abian jartzeko prozesua. Abenduaren 28an, Udalbatzak hasierako onespena eman zien Udalak diru-laguntza hauek ematea arautzeko oinarriei; atzo, hilak 7, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen oinarri horien onarpena, eta 30 eguneko epea zabaldu da alegazioak egiteko.

Urrats hori emanda, Udal Gobernuak adierazi du, 2016ko udal-aurrekontua onartzen denean, aipatutako diru-laguntzen deialdia kaleratuko dela. Bertan, honako alderdi hauek zehaztuko dira: gehienezko alokairu-errenta edota onuradun izan daitezkeen pertsonek aurkeztu beharko duten dokumentazioa.

Diru-laguntzak eskuratzeko honako baldintza hauek bete beharko dira: lehendabizi, alokatutako etxebizitzan bizi diren pertsona guztiek 18 eta 35 urte bitarteko adina izan beharko dute, mendeko adingabeak izan ezik; bigarrenez, bizikidetza unitateko kide guztiek ezin dute izan jabetzako etxebizitza, ezta azalera-eskubidea edota usufruktua ere. Honi dagokionez, salbuespena izango dira banandutako edo dibortziatutako pertsonak, genero indarkeriaren biktimak edo jabetza soila dutenak baina ez usufruktua beste bati egotzita dagoelako.

Bestalde, bizikidetza-unitateko pertsona batek, gutxienez, Eibarren erroldatuta egon behar izan du aurretik, 2 urtez jarraian, gutxienez, deialdia argitaratu denetik zenbatuta. Bizikidetasun-unitateko diru-sarreren mugak jarraian aipatzen diren kopuruen azpitik egon beharko du: 25.000 euro gordin urtero (kide bakarraren kasuan bizikidetza-unitatean); 39.000 euro gordin urtero (bi kide edo gehiago baldin badira). Bananduta edo dibortziatuta dauden pertsonen kasuan, diru-sarreren zenbatekoa kalkulatzeko, seme-alaben mantenu-pentsioei dagozkien zenbatekoak kenduko dira, baita hileroko hipoteka-kuoten zenbatekoa ere.

Betebeharreko beste baldintza batzuk hauexek dira: bizikidetza-unitateko kideek ez dute lotura familiarra izan behar etxebizitza alokatzen duen pertsonarekin, odolkidetasun edo afinitateko bigarren mailara arte; bizikidetza-unitateko kide guztiek inskribatuta egon behar dute edota inskribatzeko eskaera egina izan behar dute alokairu-eskatzaile gisa Etxebiden, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan; ez dadila egon bizikidetza-unitatean etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriak eta antzeko izaera duen beste edozein laguntza ekonomiko jasotzen duen kiderik; edota alokairu-kontratua bizikidetza-unitateko kide guztien izenean egon dadila, bertako maizterrak familia-unitatea osatu ezean.

Diru-laguntza ez da emango jarraian aipatzen diren kasuetan: alokairu-kontratua 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa bada; alokatuko den etxebizitza promozio publikoko babes ofizialekoa izan dadila edo etxebizitza hutsen mobilizazioko programa bati lotuta, Bizigune, edota merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programari, ASAP edo antzekoei; alokairuagatiko errentak dagokion deialdian zehaztutako zenbatekoa gaindi dezala; errentamendu-kontratuaren iraupena urtebete baino gutxiagokoa izan dadila; edota diru-laguntzaz gozatu izana aurreko 5 urteetan zehar.

Diru-laguntzaren zenbatekoari dagokionez, finkatutako tarte-sisteman ezartzen da, eskatzaileek justifikatutako urteroko diru-sarreren arabera, tarte bakoitzari portzentaje bat emanda: urteko gordina 0,00 €-tik 9.000,00 € arteko bada, errentaren % 50 diruz lagunduko da; 9.001,00 €-tik 18.000,00 € artekoa bada, errentaren % 40 lagunduko da diruz; 18.001,00 €-tik 25000,00 € artekoa bada, errentaren % 30 lagunduko da diruz; eta 25.001,00 €-tik 39.000,00 € artekoa bada, errentaren % 20 lagunduko da diruz.

Gazteriarekin konpromisoa

Ekimen hau, EH-Bildu taldeak aurkeztutako zuzenketa baten ondorioz onartu da eta Udal Gobernuak aztertu egin du. Modu horretan, koalizio abertzalearen proposamena hobetzeaz gain, bigarren helburu bat gehitu da: gazteen emantzipazioa erraztea, etxebizitza duina lortzeko aukerak zabaltzearekin batera eta gazteen baliabide materialetara eta proiektuetara egokituta.

Udal Gobernua, gazteekin hartuta duen konpromisoa kontuan izanda, eta agintaldi honetako alderdi sozialistaren hauteskunde programan jasota geratu zenez, aurrerapauso sendoak ematen ari da aukerak gehitzeko gazteen artean, eta, era berean, talde horrek dituen aukera guztiak garatzeko. Adibide gisa, agintaldi honetan sortu berri den Gazteriaren Ordezkaritza dugu. Bertan, ekimen espezifikoak eta beharrezkoak bultzatu ahal izan dira Eibarko gazteentzat.

Udal Gobernuaren ustez, modu proaktiboan jokatu beharra dago Eibarko gazteek gure hiria erakargarri topa dezaten bertan bizitzeko; izan ere, pertsona gazteak ez dituen hiri batek dinamismo eta jarduera falta izango du.