Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Abian da laguntza teknikoko programa mendekotasuna duten pertsonentzat

Abian da laguntza teknikoko programa mendekotasuna duten pertsonentzat

Argazkia: pixabay.com

2019/10/21

Programaren bidez, Udalak laguntzako produktuak eskainiko ditu aldi baterako, harik eta Diputazioko zerbitzuek mendekotasuna edo gaixotasun larria duten pertsonei produktu horiek eman arte. Zerbitzuaren helburua da beren etxean bizi diren pertsona horien autonomia sustatzea eta eguneroko bizitzan hobeto moldatzen laguntzea.

Gaur, urriak 21, martxan jarri da mendekotasuna duten pertsonentzako laguntza teknikoko programa, ahalbidetuko duena aldi baterako laguntzako produktuak lagatzea, harik eta Gipuzkoako Diputazioko laguntza teknikoko zerbitzuek produktu hori eman arte. Gaurtik aurrera eskatu ahalko zaizkio Udalari produktuok; eskabideak egiteko epea urte osoan egongo da zabalik.

Udal-zerbitzu berriaren helburua da beren etxeetan bizi diren mendeko pertsonen autonomia bultzatzea eta eguneroko bizitzan hobeto moldatzen laguntzea, urritasuna edo desgaitasuna prebenitzeko, konpentsatzeko, arintzeko edo ezabatzeko produktuak, tresnak, ekipamenduak edo sistema teknikoak eskainiz.

Programa honen hartzaileek baldintza batzuk bete behar dituzte: Eibarren enpadronatuta egotea, Diputazioak —edo organo eskudunak beste probintzia batzuetan— aitortutako mendekotasuna edota desgaitasuna izatea, eta medikuaren agindupean laguntza teknikoak behar dituen gaixotasun larri bat izatea. Aurkeztutako eskabideak aztertu ondoren, Udalak ia berehala emango ditu eskuragarri dituen produktu teknikoak.

Eskaerak aurrez aurre egin daitezke Udaleko Gizartekintza sailean (Portalea eraikina) edo udal webgunearen bidez elektronikoki www.eibar.eus. Behin eskaera jasota, eskuragarri balego, laguntza emateko gehieneko epea 15 egunekoa izango da: Eskuragarri ez balego, itxaron-zerrendara pasatuko litzateke.

Programa honetara jotzeko interesa duten pertsonek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte: laguntza-eskaera, behar bezala beteta; legezko ordezkaritzaren kasuan, NANa edo legezko ordezkariaren agiri baliokidea eta ordezkaritzaren egiaztagiriak; mendekotasuna eta/edo desgaitasuna egiaztatzea; laguntza teknikoak behar dituen gaixotasun larriren bat izanez gero, premia hori egiaztatzen duten txosten medikoa.

Laguntzako produktuak Eibarko Udalarenak dira, eta ezingo dira pertsona onuradunaren etxebizitzatik kanpo eraman. Eibarko Udala arduratuko da laguntzako produktu berreskuragarriak jasotzeaz, martxan jartzeaz eta entregatzeaz; halaber, Udala arduratuko da ohiko erabileraren ondorioz gerta daitezkeen matxuren gastuez. Matxuraren konponketa produktua gaizki erabiltzearen ondorioz gertatzen bada, erabiltzaileak ordaindu beharko ditu gastuak.

Lagapen-kontratuaren iraupena, oro har, lau hilabetekoa izango da; luzapen bat egon daiteke bi hilabetekoa. Epe hori bakarrik luzatu ahalko da baldin eta laguntzako produktuak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu bazaizkio eta ez badago ebazpenik.  Lagapena ez da izango inolaz ere 8 hilabetetik gorakoa. Iraungi eta gero, erabiltzaileak produktua itzuli beharko du ebazpenean adierazitako epean.