Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2019. urtean 28 komunitatek jaso zituzten udal dirulaguntzak fatxadak zaharberritzeko eta irisgarritasuna hobetzeko

2019. urtean 28 komunitatek jaso zituzten udal dirulaguntzak fatxadak zaharberritzeko eta irisgarritasuna hobetzeko

Eibarko eraikin baten fatxada.

2020/01/03

Udalak 160.000 euro inguruko dirulaguntzak eman ditu fatxadak zaharberritzeko, bai eta igogailuak jarri edo aldatzeko, eta haien irisgarritasuna hobetzeko egin beharreko lanetarako ere, hala nola zero kotara jaistea, solairu berrietara iristea edo arrapalak egitea.

2019. urtean Eibarko 28 etxejabe-komunitatek jaso dituzte udal dirulaguntzak, fatxadak berrizteko eta igogailuak jarri eta aldatzeko, edo irisgarritasuna hobetzeko (zero kotara jaistea, solairu berrietara iristea edo arrapalak egitea) programaren barruan.  Guztira eman diren dirulaguntzen zenbatekoa 162.395,50 eurokoa izan da.

Emandako 28 dirulaguntzetatik, 10 fatxadak berritzeko izan dira, 8 igogailu berriak jartzeko eta 10 igogailua zero kotara jaisteko edo igogailuetara iristeko arrapalak egiteko.  

Guztira, 32 eskaera aurkeztu ziren, eta horietatik lau atzera bota ziren, oinarrietan ezarritako baldintzaren bat ez betetzeagatik.

Etxejabeen erkidegoek jasotako dirulaguntzak jarduketaren aurrekontu osoaren % 10 izan dira, gehieneko zenbateko hauekin: igogailu berria jartzeagatik, komunitate bakoitzak jasotako gehieneko zenbatekoa 9.000 eurokoa izan da; igogailu zaharra kendu eta zero kotatik jartzeko obra egiteagatik edo lehen igogailurik ez zuten beste solairu berri batzuetara heltzeagatik, 6.750 euro; igogailua ordeztu edo modernizatzeagatik, gehieneko zenbatekoa 4.500koa izan da; eta arrapalak, plataformak edo desnibelak gainditzeko beste obra batzuk egiteagatik, 2.250 euro.

Igogailuen kasuan, diruz laguntzen dira eskaera egiten den urtean edo aurrekoan amaitutako obrak eta honako helburu hauek dituztenak: bizitegi-eraikinetan edo haien kanpoaldean igogailuak jarri edo aldatzea; lehendik dauden igogailuak ordeztea eta zero kotara jaisteko obrak egitea; instalazioen modernizazioa eta arrapalak jartzeko obrak; plataforma jasotzaileak edo antzeko elementuak, eta zeinahi obra eraikinaren kanpoaldetik pegoraraino eta pegoratik igogailurainoko desnibela gainditzeko balioko duena.

Fatxaden kasuan, diruz laguntzen dira eskaera egiten den urtean bertan edo aurreko urtean amaitutako obrak, eraikin bateko fatxada edo fatxadak konpontzea edo berritzea edo fatxadak lehengoratzea helburu izan dituztenak, betiere ez badute fatxaden batasuna apurtzen eta ez badiote eraikinaren egiturari eragiten.

Kontzeptu horretan emandako udal dirulaguntzaren zenbatekoa hiru aukera hauetatik txikiena izan da:  jarduketa-kostuaren % 10; 6 euro berriztutako fatxada metro koadro bakoitzeko edo 12 euro fatxada metro koadro bakoitzeko, fatxada berriztatzeaz gain, eraikinen inguratzailearen isolamendu-obrak egin eta urteko energia-eskaera murrizten bada; modu horretan, eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzea xede duten lanak saritzen dira.

Azken kasu horretan, berriztu ondoren, eraikinak, gutxienez, C kalifikazio energetikoa lortu behar du, edo obra egin aurretik zeukan kalifikazio energetikoa bi letretan hobetu.

Azkenik, fatxaden dirulaguntzari % 20ko diru-kopuru bat gehitu dakioke, aparteko kasuetarako; esterako, erakunde publikoek hartaratuta, hura berriztea beharrezkoa balitz, eta  baita —hau da aurtengo deialdiaren berritasunetako bat— eraikineko amiantoa erretiratzeko kosturik sortuko balitz ere.

Laguntza horien zenbatekoa handituz joan zen aurreko agintaldian, lau urtean zehar % 50 handitzeraino. Helburu horretarako, 200.000 euroko aurrekontu-partida ezarri zuen 2019an, eta laguntza-maila horri eutsiko dio datozen urteetan ere. Era horretan, Udalak sendotu egiten du etxejabe-komunitateekin duen konpromiso historikoa, irisgarritasuna hobetzeko eta fatxadak berriztatzeko dirulaguntzen bidez gauzatzen duena.