Eibarko Udala

Etorkinen Nazioarteko Eguna ospatuko du Eibarrek abenduaren 18an

2016/12/12
Europako errefuxiatuen egoera salatzearekin batera, senegaldarren jaialdia ospatuko dugu Eibarren.

Eibarren bizi diren senegaldarrek DIAPO LETE izeneko kultur-elkartea sortu dute eta datorren igandean, abenduak 18, antolatuko dute beraien lehenengo ekintza Unzaga plazan. Mballo Ndiyae eta Rokhaya Diawren gidaritzapean laurogei lagun aritu dira buru-belarri lanean elkartea sortzeko behar diren baldintzak betetzen eta denon artean adostutako helburuak zehazten.

Diapo Leteren asmoa senegaleko kultura ezagutzera ematea bada ere, euren desioa bizikidetza hobetzea da, hau da, tokiko kultura eta kanpoko kulturen arteko harreman positiboak sortzea. Bi norabideko integrazioa bultzatzen dute aspaldi eibartarrak diren hauek: senegaletik datozenei harrera informala egiten diete eta euren ohiturak mantentzen saiatzen dira, baina tokiko euskal kultura eta beste kulturetara ohitzeko ahaleginak egiten dituzte. Igandeko jaialdia da honen erakusgarri, non hango eta hemengo musikak, janariak eta pertsonak nahastuko ditugun. Animatu eta etorri!