Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udal Artxiboak argitara ematen ditu gerratea amaitu ondoren Eibarko behin-behineko espetxean atxilotuta zeudenen izen guztiak.

Eibarko Udal Artxiboak argitara ematen ditu gerratea amaitu ondoren Eibarko behin-behineko espetxean atxilotuta zeudenen izen guztiak.

Eibarko Udal Artxiboa

2022/04/21

1939ko apiriletik irailera bitartean, Eibarko behin-behineko espetxeak 368 preso zituen, horietatik 91 emakumeak. Batzuk aske utzi zituzten, beste batzuk ostera Ondarreta eta Bergarako kartzeletara eraman zituzten.

Espainiako Gerra Zibila 1936ko uztailean piztu zen, Bigarren Errepublikan Fronte Popularraren garaipenaren kontra matxinatutako militarren estatu-kolpearen ondoren, eta 1939ko apirilera arte iraun zuen. Denbora tarte horretan, borroka gogorrek triskantza eta hondamendia utzi zuten.

Eibarren kasua ez zen salbuespen izan. Akordura ekartzea baino ez dago, duela 85 urte, 1937ko martxotik hasita, herriak jasan zituen bonbardaketak eta, zehazki, apirilaren 24tik 25era izandakoak. Egun bi horietan etengabe egin zioten eraso herriari  Legión Condorreko abiatzaileek eta Italiako abiazio legionarioak. Aire-erasoan, 182 etxe suntsitu zituzten, eta Erdi Aroko hirigunea betiko galdu zen hondakin huts bihurtuta. 1939ko maiatzaren 16an idatzitako Alkatetzaren memoriaren arabera, 13.000 biztanle inguruko herri hartatik, apirilaren 26an, tropa frankistek herria hartu zuten egunean, 1.000 inguru besterik ez ziren geratzen.

Gero iritsi zen errepresioa. Gobernuaren edo militarren atxilotzeengatik euskal espetxeetan sartzea. Espetxeratze horiek, kasu askotan, auzoko baten edo lankide baten salaketa izaten zuten oinarri, edo Mugimenduaren kontrako ibilbide politiko jakina zuten herritarren kontra poliziak eta segurtasun-zerbitzuek zeramaten jarduna. Ikerketa eta Zaintza Komisariak gorri oso arriskutsuen zerrendak egin zituen, desafekzio-aurrekari argiak izan eta epaile militarren esku geratu behar zutenenak.

Udal Artxiboan dagoen Gipuzkoako Kartzelen Zuzendaritza Nagusiaren 1939ko Kontu Korrontearen dokumentu bati esker berreskuratu ahal izan ditugu urte horretako apiriletik irailera bitartean Eibarko behin-behineko espetxean preso zeuden pertsonen izen guztiak.

HEMEN duzu zerrenda