Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

“Gaitu” ahots-grabaketa maratoia egingo da Eibarren

2023/11/23

Ekimenak adimen artifizialari euskaraz irakastea du helburu, eta Eibarren bi egunetan 12.500 esaldi grabatzeko erronka luzatu da.

Makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenago irakatsi egin behar zaie. Horretarako jarri da abian Gaitu proiektua: euskarazko milaka ordu eta milaka ahots biltzeko Euskal Herri osoan.

Euskararen Egunari lotuta, abenduaren 1ean eta 2an ahots-grabaketa maratoia antolatu du Eibarren Akebai-k, eta Eibarren bi egun horietan 12.500 esaldi grabatzeko erronka jarri du. Izan ere, 2017an Guinness-ean parte hartu zuten 2.500 lagunek 5 esaldi grabatuko balituzte, zenbaki hori lortuko litzateke.

Parte hartu nahi duen herritar oro bertaratu daiteke, eta bertan emango zaizkio argibideak. Ahots asko eta askotarikoak behar dira, eta baldintza bakarrak adin nagusikoa izatea eta euskarazko esaldiak normal samar irakurtzeko gai izatea izango dira.

Bertaratu ezin duenak, etxetik ere egin dezake ekarpena, egitekoa oso sinplea baita: ordenagailuan edo telefono mugikorrean agertuko diren esaldi laburrak irakurri eta grabatzea. Horretarako, webgune hau erabiliko da: https://gaitu.eus/. Jarraibideak, HEMEN.

Datak eta ordutegiak:

  • Abenduak 1, ostirala. 18:00 – 21:00, Errebal Plazako harmailetan.
  • Abenduak 2, larunbata. 11:00 – 14:00, Untzagako harmailetan / Jubilatuen Etxean.

Common Voice euskaraz

Hizkuntza gutxituak ez daude enpresa teknologiko handien asmoetan, eta euskarak teknologian ere bere tokia izan dezan, Common Voice ekimena dago martxan. Ekimen irekia da, irabazi-asmorik gabea, kolaboratiboa eta orain masiboa bihurtu nahi da. Ahotsen datu-sorta ireki eta publiko bat sortzen ari dira, edonork erabil dezakeena hizkuntza baliatzen duten aplikazioak trebatzeko.