Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bazenekien erraketistak izan zirela lehen kirolari profesionalak?

2023/03/08

Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Eibarko Udal Artxiboak omenaldia egingo die lehen kirolari profesionalei, erraketistei.

Joan den mendearen hasieran, emakumezkoak kirolean aritzen hasi ziren; garai hartan anekdota hustzat hartu bazen ere, gaur egun esan dezakegu horrek aldaketa garrantzitsua eragin zuela emakumezkoen ikusizko imajinarioan. Garai horretan zehar, prentsa grafikoak (orduko hedabide nagusia) ikusgai egin zuen emakumeen parte-hartzea  kirol-esparruan; emakume kirolari aitzindarien artean, nabarmentzekoak dira erraketa zaletasuntzat ez ezik bizibidetzat ere hartu zuten haiek.

Kirol-modalitate honen lehen urratsak, noski, Eibarren eman ziren: 1878an jaiotako eibartar bat, María Unceta Echebarría, izan zen zesta- punta izena eman zitzaion praktikaren aitzindaria. Horren bilakaera Ildefonso Anabitarte Anza pilotari eta geroago enpresariaren asmamen eta bultzadari zor zaio, pilotalekuan larruzko pilotarekin erraketaz jokatzea asmatu zuen eta. Horretarako, bi aldaketa garrantzitsu egin ziren: batetik, pilotalekuen neurrietan, luzera handiagoa beharko baitzuten; eta, bestetik,  erraketa-motan, teniseko ohiko erraketa baino sendoago izan behar baitzuen, luzeagoa eta eraztun estuagokoa.

1917an inauguratu zen lehenengo “andereñoentzako  pilotalekua”, Madrilgo Cedaceros kaleko antzinako antzoki baten lokaletan; Frontón Madrid (Madrid pilotalekua) izena hartu zuen. Bizitza laburrekoa izan zen, baina beste pilotaleku asko sortuko ziren haren ondoren, Madrilen zein Donostian, Bartzelonan, Sevillan, Las Palmasen, Kordoban, Salamancan, Mexikon, Habanan...

Ez da harritzekoa, noski, erraketista gehienak Euskal Herrikoak izatea. 1936an, Madrilgo Diario Crónica egunkariak “La mujer y el deporte” (“Emakumea eta kirola”) izeneko artikulua argitaratu zuen, eta horrela zioen: “Euskaldunak pilotan jokatzen jaiotzen dira, norvegiarrak bakailaoa arrantzatzen, eta katalanak mató gazta jaten. Normala da Baskonia izatea emakumeentzako pilotalekuen inudea”. Eta erraketista guztien artean, eibartarrena izan zen talderik garrantzitsuena; izan ere, Eibarren hiru errakestista-eskola egon ziren, garai hartako prentsak unibertsitate-mailara igo zituenak. Lehengoa, eta seguruenik, ezagunena, Astelena pilotalekukoa, Salomé Egaña erraketistak zuzendua; bigarrena, Kiputza pilotalekukoa, Isasi kaleko 33. zenbakian, Marino pilotariak zuzendua; eta, hirugarrena, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, Udal Pilotalekukoa, eta ez da kasualitatea bertan sortu izana kirol honek izandako atzelaririk garrantzitsuenetako bat, Paz Echeverria Mendiguren.

Zazpi hamarkadatan baino gehiagotan, emakume ugarik eskaini zioten beren bizitza kirol honi; beraz, denak izendatzen saiatzea alferrikako eta zehaztasunik gabeko inbentario-lana izango litzateke.

Hala eta guztiz ere, ezin dugu aipatu gabe utzi denek garai hartako erreferentetzat jo zutena: Eugenia Iriondo Astarloa, Eibarresa goitizenez ezagunagoa zena. 1901ean jaio zen Partxua baserrian, Fernando Iriondo Zumaran eta Marta Astarloa Guisasola senar-emazteen seigarren alaba, eta Arrateko pilotalekuan hasi zen pilota-jokoan. Nerabea zela, Madrilera joan zen, neskame lanera, eta, txolarteetan, Madrid pilotalekuko erraketista eskolara joaten zen. Hasieran atzelari jardun bazuen ere, denborak aurrera egin ahala, aurrelari ikaragarria bilakatu zen. Garai hartako kirol-berriemaileen arabera, “jokoan gogo handia jartzen zuen partida-altxatzaile tipikoa” zen Eibarresa. Behin, pilotakada gogor bat jaso omen zuen aurpegian, baina jokatzen jarraitu eta irabazi omen zuen, eta ikusleek luzaroan txalotu omen zuten partida amaitzean. 1919an profesional hasi zen Madrilen, eta, hiru urte geroago, Kubara joan zen, Leerdam lurrunontzian, Habana-Madrid pilotalekua inauguratzera. Itzuli ostean, 1928an, Bartzelona eta Sevillako pilotalekuetan jokatu zuen, eta bi urte geroago, 1930ean, ezkondu egin zen, Roberto Cruz Elorza pelotariarekin.

Hurrengo urteetan Madrid Pilotalekuan jokatzen jarraitu zuen arren, seme-alabak jaiotzean utzi zuen erraketa. 36ko Gerra hastean, familia Eibarrera itzuli zen, eta erbesteratze zail baten ostean, bi urtez bizi izan zen Donostian. Senarra hil ondoren, Eibarresa jaioterriko baserrira itzuli zen, Arratera, eta han bizi izan zen hil zen arte.

Kirol honek gorabehera ugari jasan behar izan zituen bere historian zehar. 1940an, Euskal Pilotaren Espainiako Federazioa eratu zen, Espainiako Kirol-Ordezkaritza Nazionalaren mendekoa, eta azken horren buru José Moscardó generala izendatu zuten; hark agindu zion eratu berri zen federazioari neurriak har zitzala emakumeek pilotan jarduteari zegokionez, haren iritziz pilota ez baitzen oso kirol femeninoa eta antzutasuna eragiten baitzuen. Hori dela eta, debekatu egin zen federazio-lizentzia berriak ematea, eta emakumezko pilotariak behartu zituzten gona luzeagoak eta blusen mahuka luzeagoak erabiltzera.

Oztopo horiek biguntzen joan ziren denbora pasa ahala, baina, ordurako, gure emakumezko pilotarietako asko joanak ziren Atlantikoaz bestaldera, aukera berrien bila, beste herrialde batzuetan (Mexikon edo Kuban, adibidez) pilotaleku berriak zabaldu ziren eta. Hainbat saiakera txalogarri egin ziren kirol hau berriro bultzatzeko, eta, horrela, 1957an prentsak jaso zuen Eibarren erraketista-eskola bat abian jarri zela prest zeuden neskatxa guztiei kirol hau irakastea errazteko. Espero baino arrakasta txikiagoa izan zuen ekimenak, eta, hirurogeiko hamarkadaren bukaeran, kirol honen praktika pilotaren beste espezialitate batzuekin batera mantendu zen. Hala ere, erraketak 1980ko uztailaren 17ra arte bizirautea lortu zuen: egun hartan, azken partida jokatu zen, Madrid Pilotalekuan.

Udal Artxibotik omenaldi txiki bat egin eta emakume talde baten oroimena berreskuratu nahi izan dugu. Emakume horietako asko eibartarrak ziren, eta joan den mendearen hasieran erraketa eta pilota bat hartu zuten kirol hau bere lanbide bihurtzeko.

Bideoa ikusteko egin klik HEMEN