Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ba al zenekien 20 urte betetzen direla soldaduska amaitu zenetik?

2021/03/10

2001eko martxoaren 9ko 247/2001 Errege Dekretuak amaiera eman zion derrigorrezko zerbitzu militarrari Espainian. Jende guztiak espero zuen albistea izanik, dekretu hark aurreratu baino ez zuen egin hurrengo urteko abenduaren 31rako legez aurreikusita zegoen behin betiko bukaera. 1990eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, soldaduskarekin amaitzeko aldarria gero eta zabalagoa eta ozenagoa zen. Eibarren, non tradizio antimilitarista handia zegoen eta kintekiko eta derrigorrezko soldadutzarekiko erresistentzia-historia luzea, soldaduskaren aurkako sentimenduak mugimendu antimilitarista eta intsumiso sendo bat sortarazi zuen.  

Derrigorrezko zerbitzu militarra, jendearen artean 'soldadutza’ izenarekin ezagutua, ez zen inoiz oso onartua izan. Eibarrek, sentimendu antimilitarista ongi frogatua izateaz gain, soldadutzarekiko erresistentzia-ibilbide luzea  izan du beti,  boluntario liberalen semeetatik hasi –eibartar askok XIX. mendearen azken herenean gozatutako salbuespena–, Marokoko iheslariekin jarraitu, eta 90eko hamarkadako mugimendu intsumisoarekin amaitzen dena. Erabateko errebeldiara iritsi gabe, beste eibartar askok ere estrategia ugari erabili zituzten denboran zehar zerbitzu militarretik libratzeko. Esaterako, azken soldadualdietako ehunka mutilek (2000ko azken 149tatik, 112) luzapenen bidez atzeratu nahi izan zuten kuartelerako bidea, behingoz iragarritako amaiera iritsiko zitzaielakoan.

Udalak zirenez "aberriaren" deia helarazteaz arduratzen zirenak, Eibarko Udal Artxiboak  gaur egun 37 bat metro lineal gordetzen ditu, soldaduskak 144 urteetan eibartarren artean sortutako dokumentazioarekin. Agiri horietan, nahiz eta prozesu burokratiko eta militarra izan, hainbat pasarte eta gorabehera jasotzen dira, eibartarrek  soldadutzarekiko zuten jarrera azaltzen dutenak: edo erresistentzia edo onarpen hutsa. Gainera, datu asko gordetzen dira bai sozialak bai ekonomikoak, eta baita milaka eibartarren itxura fisikoarenak ere, denak mutil haien gaitasuna edo gaitasun eza zehazteko jasoak; orain, berriz, datu horiek leiho ezin egokiagoa eskaintzen digute garai hartako eibartarren bizitzak eta esperientziak ezagutzeko.

Urte jakin batean jaiotako zenbat mutikok lortzen zuten bizirik ailegatzea soldadutza-adinera? Zenbatek zekiten irakurtzen eta idazten? Zein zen haien ikasketa-maila?  Eta lanbidea? Goitarrak edo behetarrak ziren? Kaletarrak ala baserritarrak? Zein zen haien batez besteko altuera? Galdera horien eta beste hainbaten erantzuna Eibarko Udal Artxiboaren Kintoen eta Soldadualdien dokumentazioan dago noiz argitaratuko zain.

 

Gehiago jakin nahi baduzu, sakatu HEMEN.