Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ostalaritzak terrazak jartzeagatik ordaindu beharreko tasaren % 100eko hobaria onartu du Udalak

Eibarko taberna bateko terrazaren irudia.

Eibarko taberna bateko terrazaren irudia.

2021/04/07

Akordio honekin bete egin da Udalaren konpromisoa ostalaritzaren sektorean pandemiaren ondorioak arintzeko. Udalak, halaber, onartu egin du irabazi asmorik gabeko entitateei eta kirol elkarteei lagatako udal higiezinetan egindako obrengatikako zergaren % 95eko hobari bat.

Udalbatzak aho batez onartu zuen martxoaren 29ko bilkuran ostalaritza-establezimenduek 2021. urterako bide publikoa okupatzeagatikako udal tasaren hobaria. Erabakiak atzeraeragina du 2021eko urtarrilaren 1etik, eta helburua da, ahal den neurrian, pandemia dela-eta sektorean eragindako ondorio negatiboak arintzea.

Tasa hori aldatzeko proposamenak Foru Arau bat du oinarri, zeinak eskumena ematen baitie udalei, atzeraeraginez, eta COVID-19aren osasun-krisia dela-eta, pandemiagatik bereziki kaltetutako kolektiboentzat ezarritako udal tasen zenbatekoaren gainean ez-ohiko hobariak onartzeko.

Alegia, udalaren akordioaren arabera, bide publikoa mahaiekin, aulkiekin eta antzekoekin okupatzeagatik urtero tasa bat ordaintzen duten ostalaritza-establezimenduek ez dute aurten halakorik ordaindu beharko. Hala, pandemiaren eraginez eratorritako egoera sozioekonomikoari aurre egiteko Talka-Planean jasotako konpromisoa jasotzen da: osasun-krisiak kaltetutako sektoreei laguntzea, kasu honetan, ostalaritzari.

Neurria iaz ere aplikatu zen. Udalak iazko urrian hartutako erabakiaren ondorioz, terrazengatik ordaindu beharreko tasa salbuetsita geratu zen, eta ordaindua zutenei dirua itzuli zitzaien.

Jon Iraola alkatearen hitzetan: “Dudarik gabe, onartu dugun neurriak agerian uzten du Udalak ostalaritzarekin duen sentsibilitatea, zeren eta lege-esparrua kontuan hartu eta bigarren urtez jarraian aplikatzen baitugu neurri hau, sektoreari mesede handia egiten diona; Talka-Planean, gainera, beste neurri batzuk jarriko dira martxan laster”.

Eraikuntzen zergaren aldaketa

Joan den asteleheneko Udalbatzan, halaber, onartu zen ehuneko 95era bitarteko hobaria ematea eraikuntzak, instalazioak edo obrak interes berezikoak edo udal onurakoak direnean, zirkunstantzia sozial, kultural edo historiko-artistikoak izateagatik edo enplegua sustatzeko baliagarriak gertatzeagatik.

Akordio horretan oinarrituta, Udalaren interes berezikotzat jotzen dira eta, hortaz,  % 95eko hobaria izango dute zergaren kuotan, udal titulartasuneko higiezinetan egindako obrak, baldin eta higiezin horien erabilera udal mugarteko irabazi asmorik gabeko kirol-elkarte edo -klubei hitzarmen bidez laga bazaie eta elkarte horien urteko aurrekontua 1.000.000,00 eurotik beherakoa bada.