Eibarko Udala
kalitatea Eibar airea Untzaga plaza neurketa

Ona edo oso ona: Eibarko airearen kalitatea halakoa da Untzaga plazan egindako neurketen arabera

2017/05/16
Eusko Jaurlaritzaren unitate mugikorra Untzaga plazan egon zen 2016ko urriaren 25etik abenduaren 15era. Batezbeste, ONA da airearen kalitatea (egunen % 57an), eta OSO ONA egunen % 31n.Emaitza horiek ikerketa-lanaren lehen zatikoak dira, bigarren partea egiteke dago eta Urkizun izango da.

Udalaren esku daude jada unitate mugikorrak airearen kalitatearen inguruan egindako balorazioen emaitzak. Datuak 2016ko urriaren 25etik urriaren 15era batu zituen unitate mugikorrak Untzaga plazan.

Ikerlana amaituta ez dagoen arren, Udalak Eusko Jaurlaritzaren txosteneko datuen berri eman nahi izan die herritarrei.

Oro har, airearen kalitatea ONA dela ondorioztatu da, egunen % 57an eta OSO ONA egunen % 31n. Normalean, kalitate oso oneko airea asteburuetan egoten da. Egunen % 12an airearen kalitatea HOBETU ZITEKEEN, baina ez da inoiz izan TXARRA edo OSO TXARRA.

Urkizuko parkean neurketak egin eta gero bukatutzat emango da ikerlana, eta horrela Eibarko airearen kalitatearen maila orokorra lortuko dute.

Emaitzen artean, bada azpimarragarria den beste alderdi bat: Eibarko airearen kutsadura ez da konstantea egun osoan. Goizeko 6ak eta 9ak artean eta arratsaldeko 5ak eta 8ak artean igotzen da, herri barnean trafikoa handitzen den uneetan hain zuzen ere (laneko, eskoletako eta saltokietako joan-etorrien ordutegi nagusia…).

Egunen % 12an airea HOBETU LITEKEELA jakinda, eta neurtzeke geratzen diren guneetako emaitzak atera arte, Udalak Eusko Jaurlaritzak emandako jarraibideak beteko ditu, airearen kalitatea HOBETU beharreko uneak erabat desagerrarazteko eta beti ONA edo OSO ONA izan dadin.

Helburu hori, baina, erronka handia izango da Eibarrentzat. Hemengo kaleak kainoi itxiaren forma dute eta eraikin altu samarrak dituzte alboetan; beraz, sustantzia kutsakorrak barreiatzea ez da erraza. Baina ez da ezinezkoa, herritarren eskutan baitago ibilgailu propioa gutxiago erabiltzea eta beste baliabide batzuk aukeratzea, esaterako garraio publikoa.

Txosten osoa, euskaraz zein gaztelera, herritar guztien esku egongo da, Eibarko Ingurumen arloaren web-orrian.

Udalak Eusko Jaurlaritzari egindako eskaria

2016ko ekainean, Eibarko Udaleko Ingurumen arloak ikerlan bat eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, gure udalerriko airearen kalitatea nolakoa den jakiteko.

Asmo horrekin, Eusko Jaurlaritzako teknikari batzuk etorri ziren Eibarrera, neurketak egiteko unitate mugikorra non jarri erabakitzeko. Bi toki aukeratu zituzten: Untzaga plaza, udaletxearen albo batean, Pegora aurrean, trafiko astuneko puntuetako bat herrian; eta Urkizuko parkea, bestea.

Unitatea Untzagan jarri eta airean topatu daitezkeen hainbat elementuren neurketak egin zituen, baina Urkizukoak bertan behera geratu ziren. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak beste dei bat jaso zuen, osasunarentzako arriskutsuak izan zitezkeen beste egoera batzuetan neurketak egiteko. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du, ahal duenean Eibarrera itzuli eta agindutako ikerlana bukatzeko.