Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gizarte larrialdiko 617 laguntzari eman zien arreta Udalak 2018an, 488.000 euro bideratuz

2019/02/04

GLLen onuradunen kopurua egonkortu egin da azken urteotan; horrek erakusten du eibartarren egoera ekonomikoa pixka bat hobetu dela. Miguel de los Toyos alkateak Eusko Jaurlaritzari beste behin ere eskatzen dio bere gain har ditzala eskaera guztiak, egindako ekarpena 2018an ere ez baita aski izan laguntza-eskari guztiei aurre egiteko.

Eibarko Udalak iazko 2018. urtean Gizarte Larrialdiko Laguntza (GLL) jasotzeko 678 eskariri eman zien arreta; onuradunei erantzuteko, 488.277 euro jarri zituen; bai artatutako eskaerei dagokienez, bai egindako ekarpenari dagokionez, iazkoaren antzeko kopurua da, beraz, zifrak altu samarrak badira ere, egoera egonkortzen ari da. 2016an emandako dirulaguntzak 452 izan ziren; 2017an 606 (485.229 euro), eta iaz geratu egin zen igotzeko joera eta kopurua 617an egonkortu zen.

GLL eskatzeko eta emateko kontzeptuei dagokienez, etxeko mantentze-gastuak eta energia dira arrazoi nagusiak. 2018an halako 212 laguntza eman ziren, eta aurreko urtean 200. Halaber, kopuru altu samarra da etxebizitza alokatzeagatik eskatzen den laguntza (azpierrentamendua, errentamendua, apopilotza edo ostatutza): 119 laguntza 2018an, eta 120 aurreko urtean.

Beste partida nagusi bat etxebizitzaren mailegu-gastuei edo zorpetzeari buruzkoa da. Iaz, kontzeptu horretan 40 laguntza eman zituen Udalak, 2017an baino lau gutxiago. Oinarrizko beharrizanak direla-eta, hala nola hortzak konpontzea edo betaurrekoak erostea, 29 laguntza eman ziren iaz, eta 30 2017an. Eta, azkenik, etxetresna elektrikoak eta altzariak erosteagatiko laguntzak 4 izan ziren (2017an 7).

Eibarko Udalak, era honetan, eibartarren oinarrizko beharrizanak bermatzen jarraitzen du, eta, horren haritik, Gizarte Zerbitzuen sailetik poza adierazi dute 2018an eskatzaile-kopurua egonkortu izanagatik, horrek erakusten duelako egoera ekonomikoak hobera egin duela. Nolanahi ere, kezka sortzen du hainbeste eskari egoteak, batez ere alargunen eta pentsionisten artean.

Gizarte Larrialdiko Laguntzak Eusko Jaurlaritzaren eskumen esklusiboak dira, baina azken urteotan gertatzen ari den bezala, autonomia erkidegoak bideratutako partida ez da nahikoa egindako eskaera guztiei erantzuteko. Horregatik, aurten ere Udalak kopuru handi samara jarri behar izan du, eskaerei aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritzak bere garaian 306.475 euro eman zizkion Eibarri GLLak ordaintzeko 2018an. Atzera ere zenbateko hori urria izango zela aurreikusita, 2018ko udal aurrekontuan kopuru hori 385.697 euroraino handitu zen (alegia, Udalak bere funts propioetatik 80.000 euro gehitu zizkion Eusko Jaurlaritzak jarritakoari). Urtearen erdialdean, eta ikusita hala ere ez zela eskaera guztiei erantzuteko nahikoa izango, Udalak kreditu-aldaketa bat egin zuen eta beste 200.000 euro gehiago jarri zituen, baina azkenean ez da beharrezkoa izan dena erabiltzea.

Hala, urtea amaitu eta laguntzen balantzea eginda, Udalak, 2018an, 93.000 euro inguru ordaindu behar izan ditu, Eusko Jaurlaritzaren eskumen esklusiboa den zerbitzu batengatik.

Dena den, Miguel de los Toyos alkateak zera adierazi du: “herritarren oinarrizko premiei aurre egiteko beharrezkoa den dirua jartzen jarraituko dugu, eta kalitatezko gizarte-zerbitzu batzuen aldeko apustua mantenduko dugu.  Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu har ditzala bere gain Gizarte Larrialdiko Laguntza guztiak, haren eskumena eta betebeharra delako".