Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Dragados enpresak atzera egin du Errebaleko obren kontratu-suntsipena dela-eta Eibarko Udalaren aurka hasitako prozesu judizial guztietan

Errebalen egiten ari diren eraikinaren irudia.

Errebalen egiten ari diren eraikinaren irudia.

2020/11/09

Aldeek akordio bat lortu dute, eta, horren arabera, enpresa eraikitzaileak konpromisoa hartzen du Udalaren erabakiaren aurkako demanda judizialak kentzeko eta Udalari kalte-ordainak emateko bere jardunak eragin dizkion kalte eta galerengatik. Jon Iraola Obren zinegotziaren arabera “Dragadosen erabakiak esan nahi du Udalak arrazoia zuela eta zuzen eta modu justifikatuan jokatu genuela”.

Eibarko Udala akordio batera iritsi da Dragados enpresarekin, zeinaren bidez, amaiera ematen zaion Errebaleko erabilera anitzeko gunea eraikitzeko obraren kontratua suntsitu zela-eta bi aldeen artean zegoen auziari; kontratuaren suntsipena Udalak berak eskatu zuen 2017ko abenduan. Lortutako akordioaren arabera, Dragadosek atzera egiten du Udalaren aurka suntsipen horrengatik hasitako prozesu guztietan.

Eibarko Udalak orain dela hiru bat urte erabaki zuen kontratua suntsitzea, Dragados ez zelako baldintzak betetzen ari ulertzeagatik, funtsean, obra-exekuzioko epeei dagokienean. Erabakia Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak —kide anitzeko organo aholku-emaile gorena, eta objektibotasun eta inpartzialtasunaren berme dena— babestu zuen; organo horren arabera, Udalak kontratua suntsitzean zuzen jokatu zuen, eta, hortaz, Udal Gobernu Taldearen erabakia justifikatzen zuten tesiak babestu zituen.

Dragados enpresak, halere, erabaki zuen gaia Auzitegietara eramatea, Udalaren aurka bi demanda judizial aurkeztuz. Lehenengoa, Udalak Errebaleko obraren kontratua suntsitzeko erabakiaren kontra. Eta bigarrena, Udalak egindako obra-amaieraren likidazioaren kontra jarritakoa, zeinarengatik Dragadosek 311.513,81 euro erreklamatzen zituen.

Orain, eta aurreko astean sinatutako akordioaren ondorioz —homologazio judizialaren zain—, Dragadosek atzera egingo du bi prozedura judizial horietan eta konpromisoa hartuko du demanda judizialak berehala erretiratzeko. 

Jon Iraola Obra zinegotziaren arabera: “Dragadosek prozedura judizial hauetan atzera egiteak esan nahi du Udalak arrazoi zuela, arrazoiak genituela obra-kontratua suntsitzeko, eta, ondorioz, zuzen eta modu justifikatuan jokatu genuela; Gobernu Taldeak argi izan zuen hori hasieratik eta Euskadiko Batzorde Juridiko Aholkulariak berretsi egin zuen bere garaian”.

Gainera, eta aurreko astean aldeen artean lortutako akordioaren arabera, Dragadosek 350.000 euro ordainduko dio Eibarko Udalari, bere jarduerak sortu dituen kalte eta galerengaik.