Eibarren garatuko den "Burulogy" programa aurkeztu da
Eibarko Udalak Eibarren garatuko den Burulogy programaren aurkezpena hartu du gaur osteguna, hilak 29. Aurkezpenean, Idoya Sarasqueta, Gizartekintzako Zinegotzia; Burulogy ekimenaren bultzatzaileak; Carmen Rey eta Ibon Torrealday, La Caixa banketxeko ordezkariak, eta Félix Elcoroiribe eta Daniel Conde, Untzaga eta Beheko Tokia jubilatu etxeetako ordezkariak, izan dira.
"Burulogy teknologia berriei egokitutako entrenamendu kognitiboaren programa da", adierazi dute sustatzaileek. Programa horretan parte hartzeko interesa dutenek gaitasun mentalei egokitutako ariketen bitartez entrenatu eta ondo pasa ahal izango dute. Ariketak edozein tokitatik landuz, burua sasoian mantendu ahal izango dute. Halaber, aplikazioari esker batzen diren datuekin, burmuinarekin erlazionatuta dauden gaixotasunak detektatu, saihestu edo mantsotu daitezke, Alzheimerra esaterako. Gainera, iktus, trombo...motetako eritasunak sortzen dituzten galerak senera etor daitezke.
Programa aurkezteko bi hitzaldi eskainiko dira; bata, datorren asteartean, urriaren 4an, 18:30ean, Untzagako jubilatuen etxean. Bigarrena, berriz, egun bat beranduago, urriaren 5ean, 16:00etan, Beheko-Tokian. Programa horretan parte hartzeko izen-ematea urriaren 6tik 13ra bitartean egongo da zabalik aipatutako jubilatuen etxeetan.
Eibarko Udalaren eta La Caixaren laguntzari esker burutu da programa. Zentzu horretan, ordubeteko saioa, astean behin, 30 euro balio du: parte-hartzaileak 12 euro ordainduko ditu, jubilatuen etxeak 8 eta La Caixak hamar euro. Bestalde, astean behin bi orduko saioa egin nahi bada, 44 euro ordaindu beharko dira: 20 euro interesatuak, eta hamabi euro bana jubilatuen etxeak eta La Caixak.
Zer eskaintzen du Burulogy-k
Programa aurreratu horrek tablet formatura moldatutako eta erabiltzaile bakoitzaren beharrei egokitutako ariketak aurkezten ditu eta horien bitartez, era ludiko batean funtzio kognitibo guztiak lantzen dira. Gainera, hilero jasotako datuekin txosten bat egiten da lortutako emaitzekin. Horri esker, gaixotasunen hautemate goiztiar bat egin daiteke.
Bestalde, berezko softwarea erabiltzen denez, aplikazioaren edukia, bai erabiltzailearen zein bezeroaren beharretara guztiz egokituta egon daiteke.
Informazio gehiago nahi izanez gero interesatuek 943-177245 edo 679052651 telefono zenbakietara deitu dezakete edota www.burulogy.com web orrira jo.