Eibarko Udala

Udalbatzak 2025eko otsailaren 24an egindako bilkuran hartutako erabakiak

2025/02/25
2025eko otsailaren 24an egindako osoko bilkuraren irudia.
2025eko otsailaren 24an egindako osoko bilkuraren irudia.

Besteak beste, honako hauek onartu ziren: PSE-EEko zinegotzi berria, Luis Vicente Castellanos de Abajo jauna, karguaz jabetzea, EUDELek 2025eko martxoaren 8aren inguruan egindako adierazpen instituzionala, eta Antolaketa eta Eraldaketa Digitaleko Lan Batzordea eratzea.

2025eko otsailaren 24an Udalbatzak honako gai hauek onartu zituen ohiko bilkuran:

1. Luis Vicente Castellanos de Abajo jauna zinegotzi karguaz jabetzea.

Luis Vicente Castellanos eibartarrak Ana Telleria ordezkatuko du, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Auzoen Berroneratze eta Hiri Agendako zuzendari izendatu baitute.

Luis Vicente Castellanosek esperientzia zabala du eraikuntzaren eta finantza-kudeaketaren arloetan. Hainbat kargu izan ditu arloko enpresetan, zeinetan kontabilitate-, finantza- eta zerga-administrazioaren ardura izan baitu.Halaber, kanpoko filialen eta sukurtsalen finantza-egoerak integratzeaz eta finkatzeaz arduratu zen, bai eta kudeaketa analitikoaren bidezko sistema bat ezartzeaz ere, Business Intelligence tresnez baliatuta.

Aurretik, eraikuntza-enpresetan aritu zen administrari ofizial lanetan, eta baita manufakturen produkzio-arloan ere.

Udalean hasita, Castellanosek bere gain hartzen du hiriaren garapenean laguntzeko eta gobernu-taldeak bultzatutako proiektuekin jarraitzeko erronka.

Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan, Luis gure taldean sartzea "martxan dauden proiektuekin jarraitzeko eta konpromisoa hartzeko bermea da". “Luis Vicentek lan-ibilbide sendoa izateaz gain, kudeatzeko gaitasun handia du, eta horrek, zalantzarik gabe, gobernu-taldeak herriaren onerako egiten duen lanean lagunduko du", adierazi du Iraolak.


2. 2024ko abenduaren 19ko bilkurari dagokion akta-zirriborroa onartzea.

Bigarren puntu hori aldeko 14 botorekin (PSE-EE eta Eibarko EAJ-PNV) eta 5 abstentziorekin (Eibarko EH-Bildu) onartu zen.

3. Alkatearen ebazpenen berri ematea.

Alkatetzaren ebazpenen berri eman zen; ebazpenak osoko bilkurari dagokion dokumentazioan jaso dira.

4. PSE-EE (PSOE) udal-taldearen idatzia, taldeko bozeramailearen aldaketaren berri emateko.

Besterik gabe, PSE-EEren idazkiaren berri eman zen, udal taldearen bozeramailearen aldaketa dela eta.

5. EUDELen 2025eko martxoaren 8rako Adierazpena: Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena; hiru hamarkada berdintasunaren bidean.

Udal ordezkaritza duten talde politiko guztiek aho batez onartu zuten adierazpena.

6. Alkatetzaren proposamena, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen Batzarrerako ordezkaria izendatzeko.

Aurrerantzean, Andoni Ameztoy PSE-EEko zinegotzia izango da Ana Telleriaren ordezkoa Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateko Batzarrean. Puntu horrek PSE-EEren (8) eta Eibarko EAJ-PNVren (6) aldeko botoak jaso zituen, eta Eibarko EH-Bilduren (5) abstentzioa.

7.  Alkatetzaren proposamena, Antolaketa eta Eraldaketa Digitalerako Lan Batzordea eratzeko.

Proposamenak PSE-EEren (8) eta Eibarko EAJ-PNVren (6) aldeko botoa jaso zuen, eta EH-Bildu abstenitu egin zen (5).

8. Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren eranskina aldatzeko proposamena.

Azken puntu horrek PSE-EEren (8) eta Eibarko EAJ-PNVren (6) aldeko botoak ere jaso zituen, eta EH-Bildu abstenitu egin zen (5).