Udal Artxiboak Bigarren Errepublikaren aldarrikapena gogora ekarri nahi du.

Artxiboak Bigarren Errepublikaren aldarrikapena gogora ekarri nahi du.

Familia Echaluce bilbuma

2023/04/14

Gaur 92 urte betetzen dira Eibarko Hiriak Bigarren Errepublika aldarrikatu zuela eta Udal Artxiboak Diario La Tarde de Bilbao egunkariko Enrique Guzman kazetariaren lehen inpresioak berreskuratu ditu. Guk hemen euskaraz eman ditugu. Jatorrizko testua ikusi nahi duenak, erderazko bertsioan du.

“… Udaletxeko plazara iritsi arteko bide laburrean, gizon eta emakume ugari doaz herriaren erdigunera, haietako asko lore gorriak paparrean. Batzuek banderatxoak daramatzate, airean mugituz. Poza sumatzen da aurpegietan, baina ez neurri gabeko keinu larregizkorik.

Automobila udaletxearen ondoan geratu da. Bertan, milaka gizon eta emakume. Autotik jaistean gizon batzuek inguratzen gaituzte. Haietako bat, jakaren ezker hegalean bereizgarri errepublikarrak dituena, guregana hurbildu, eta, agurtu ondoren, delegaturen bat ote garen galdetu digu. Ezetz esan diogu, kazetariak garela eta gertaeraren berri ematera etorri garela.

Gero udaletxeko balkoian bandera errepublikarra igotzean, plazan bildutako jendea txaloka eta oihuka hasi da. Udal bandak ‘Marsellesa’ jo du.  Ikuskizunak minutu batzuk baino ez du iraun.

Udal berria eratu ondoren, bilkura-aretotik erregearen erretratua kentzeko agindu eta eraikinaren bebarrura eraman dute, arreta berezia jarriz inolako kalterik ez eragiteko; baina ez dute lortu. Don Alfontsoren erretratua ordezkatuta, Galán eta García Hernández kapitainenak jarri dira.

Eibartik joan aurretik, aukera izan dugu pertsona ezagun batekin egoera berriaz hitz egiteko.

‒Oso une kezkagarriak dira guretzat‒ hasi da esaten.  Beharrezkoa da erakustea Errepublikak ez duela eragingo gure etsaiek aldarrikatzen duten katastrofea. Horregatik, lehenengo neurria  izan da ordena mantentzeko gomendioa ematea, eta gogor eta tinko jokatuko dugu ordena hausten saiatzen den edozeinekin.

Ordu gutxi batzuk baino ez dira igaro Errepublika indarrean dagoenetik, eta inork ezingo du hemen esan ‒eta aurkarien iritzia eskatzen dugu‒ kontrako ideiei irain egin zaienik eta ondasun pribatuak urratu direnik. Hau sendotzen bada, eta hala espero dugu, eraldaketa nahasmendurik gabe egingo da, hori tamalgarria litzateke-eta.”

Ikusi bideoa HEMEN