Miguel Onaindia Laucirica pilotari eibartarraren grabazio zaharrak eskuratu ditu Eibarko Udal Artxiboak

Miguel Onaindia Laucirica pilotari eibartarraren grabazio zaharrak eskuratu ditu Eibarko Udal Artxiboak

Miguel Onaindia pilotaria Ernest Hemingway idazlearen ezkerrean Habanako Vigia finkan (Familiak utzitako irudia)

2023/09/14

2020ko abuztuan, Miguel Onaindia Laucirica pilotari eibartarraren legatua jaso zuen Eibarko Udalak. Onaindia Eibarren jaio zen 1922an eta Tijuanan (Mexiko) hil, 2012an. Ikus-entzunezko funtsak 11 grabazio ditu, eta, hura kudeatzeko, Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen Euskadiko Filmategiarekin digitalizazioa gauzatzeko. Hala, deskribapen-lanei ekin, eta funtsen kontserbazioa eta edukien sarbide askea bermatu ahal izan ziren, Udal Artxiboaren Youtubeko kanalaren bidez.

Miguel Onaindia Laucirica, zesta puntako pilotaria, Eibarren jaio zen 1922ko irailaren 4an; haren gurasoak Tomás Onaindia eta Felipa Laucirica izan ziren.  Hiru anaia izan zituen, José, Julián eta Elias, pilotariak, Miguel bera bezala, eta arreba bat, Cándida.

Bere ibilbide profesionala Etxebarrian, Markinan eta Bergaran hasi zuen. Gerra zibila hastean, eta Eibar bonbardatu eta okupatu ondoren, 1938an, Tangerrera joan zen; izan ere, hiri hartan frontoi bat inauguratu zen urte batzuk lehenago, 1935ean, eta pilotazale espainiar, ingeles, italiar eta marokoar asko joaten ziren bertara. Han debutatu zuen pilotari profesional bezala. 

1940an Habanara joan zen, eta han Ernest Hemingwayren adiskide egin zen, eta haren El Vigía finkara joaten zen bisitan, pilota-munduko beste kide batzuekin batera. 1941etik 1943ra bitartean Miamiko Biscayne frontoian aritu zen. 1925ean inauguratu zen frontoia 32 pilotariz osatutako koadro batekin; haien artean Jose eta Julian anaiak zeuden. Eibarko beste pilotari batzuk ere egon ziren taldean, hala nola Marcos Guisasola eta Julio Eguidazu.

1945ean Mexico Frontoia zabaldu zen berriz ere, eta Miguel Mexikoko hiriburura joan zen jokatzera 1947ko denboraldira arte. Frontoi hura oso handia zen eta 2.800 pertsonako edukiera zuen. Bertan jardun zuen, besteak bestea, Berraondo II.a, Ermua I.a, Andrinua II.a, Chucho Larrañaga, Gabriel Etxeberria I.a o Kareaga I.a pilotariekin. Hiri hartan ezkondu zen Enriqueta Davilarekin.  

1951n Tijuanako frontoira joan zen lanera, Tijuana Behea hirira, Kalifornian (Mexiko). Mugako hiri hark giro sozial bizia zuen eta, beste askoren artean, han ezagutu zituen Robert Taylor, Toni Curtis, Kirk Douglas, Robert Mitchun, Rock Hudson edo Jimmy Durante aktoreak. Sarritan joaten zen Chiki Jaí jatetxera. Jabea Pedro Garate zen, eta han biltzen zen beste euskal pilotari batzuekin, hala nola Pedro Garate, Iriondo edo Olasolo.

Tijuana hirian finkatzea eta familia bat osatzea erabaki zuen.  Han jaio ziren bere hiru semeak: Iñaki, Iker eta Miguel.  1959an, kirola utzi eta ostalaritza munduan sartu zen. Motel bat zuen Tijuanan, eta aktore, abeslari eta famatu asko joaten ziren bertara.  Tijuanan hil zen 2015ean.

Bideoa ikusteko SAKATU HEMEN