Ikusi nahi duzu berriro Itoizek 1982an Eibarko Astelena Frontoian eman zuen kontzertua?
Musika zen kultur eferbeszentzia haren abangoardia eta euskal rocka urrezko garaia bizitzen ari zen. Itoizek euskaraz kantatzen zuen eta Lau Teilatu balada klasikoarekin mitiko bihurtu bazen ere, orduko hartan, ausart eta lotsarik gabe, “Alkolea” disko berria aurkezten zuen Eibarren. Bideoan kanta ospetsuenetako bi entzun eta ikus ditzakegu: Beheko Plaza eta Marilyn: sagardotegia eta jazzmana.
Itoizen jatorria Indar Trabes taldean dago, 1974an Mutriku eta Ondarru inguruko bost gaztek sortua. Rock talde izateko bokazioarekin jaio zen, baina sasoi haietan, Euskal Herriko rock mugimenduak indar gutxi zuen, eta taldeek zuten irtenbide ekonomiko bakarra ezkontzak eta berbenak girotzea zen. Lehen kontzertua Ondarruko Venecia diskotekan eman zuten 1974ko abenduaren 21ean. Handik gutxira rock progresiborako bidea hartu zuten. 1978an beren lehen diskoa argitaratu eta Itoiz izena jarri zioten taldeari.
Bi etapa bereiz daitezke Itoizen historian. Lehenean, rock progresiboaren, jazzaren eta musika esperimentalaren soinuak dira nagusi. Bigarrenean, Jean-Marie Ecay gitarrajolea 1983an taldean sartu zenetik, taldearen estiloa pop rock-era lerratu zen.
Itoizen lider eta fundatzailea Juan Carlos Pérez izan zen, Lau teilatu bezalako abestien egile, eta kideen artean Antton Fernandez eibartarra zegoen, taldearen teklista eta Marilyn kantaren egilea.
Taldea 1988an desegin zen zuzeneko disko baten grabaketarekin Getxoko Fadurako kiroldegian. Haren legatua: zazpi disko, ehunka kontzertu eta kantu pila bat, rockaren zaletu askoren gogoan iltzatuta geratu direnak.
Bideoa ikusteko, SAKATU HEMEN.