Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Energiaren Eskualdeko Behatokia jarri du abian Debabarreneko eskualdeak

Energiaren Eskualdeko Behatokia jarri du abian Debabarreneko eskualdeak

Behatoki berriaren aurkezpen ekitaldiko irudia.

2017/12/20

Energiaren Behatokia ezarri duen Euskadiko bigarren eskualdea da Debabarrena; sei udalerri gipuzkoarrei eskainiko die zerbitzua (Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluze).

Eibarko Udalak, eskualdeko udalekin batera eta Debegesa garapen agentziarekin elkarlanean, Debabarreneko Energiaren Eskualdeko Behatokia jarri du martxan. Egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren laguntza jaso du.

Energiaren Eskualdeko Behatokia Informazio eta Komunikazio Teknologietan oinarritzen den plataforma berritzailea da; horniduren kudeaketa eta udal instalazioen energia kontsumoen azterketa egitea ahalbidetzen du (argiteria publikoa, eskailera mekanikoak, udal eraikinak…). Kudeaketa erreminta honekin jasangarritasunaren aldeko urratsak eman eta aurrezpena eta eraginkortasun ekonomikoa (€), energetikoa (kWh) eta ingurumenekoa (CO2 tonak) neurtu ahal izango dira.

Debabarreneko Energiaren Eskualdeko Behatokiak eskualdeko sei herri gipuzkoarrei emango die zerbitzua (73.000 biztanle): Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluze. Sei udalerrietan energiaren kudeaketarako SIE software bat ezarri da (Energia Informazioaren Sistema) eta honek ahalbidetuko du udaleko energiaren fakturazio egokia kontrolatzea, hornidura energetikoen kontratazioa hobetzea, eta udalerrietako eraikin eta argiztapen publikoko koadro guztiak erregistratzea eta horien portaera aztertzea, eskualderako plataforma bakar batean.

Energia Ataria

Behatokiarekin batera, Debabarrenak Energia Ataria sortu du herritarrek informazioa gardentasunez jaso dezaten (www.debegesa.eus webgunean sarbidea). Ataria automatikoki elikatzen da Energia Informazioaren Sistematik; informazioa emateaz gainera, atariaren bitartez udalerriko energia-politika ezagutzera emateko aukera dute Udalek eta energia-kontsumoaren gaineko sentsibilizazioa sustatu.

Atariaren bitartez, herritarrek udalaren hileroko argiaren faktura zenbatekoa den jakin ahal izango dute eta aurreko urtearekin alderatuz aurreztu den ala ez. Udalaren energia-kontsumoa beste herrikoekin alderatzeko aukera ere izango dute edota atmosferara zenbat CO2 isuri den.