Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Udal Artxiboak omenaldi berezia egingo die emakume eibartarrei.

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Udal Artxiboak omenaldi berezia egingo die emakume eibartarrei.

Ezkerretik eskumara: María Romualda Mendizabal Ynza, Micaela Gorospe Mendizabal eta María Begoña Mendizabal Gorospe eta Josefa Aurea Mendizabal Gorospe umeak.

2019/03/07

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira, Udal Artxiboak omenaldi txikia egin nahi die Eibarko emakumeei, zeinen memoriak gure artxiboan dauden.

Badira emakume izena duten lanbideak eta badira izen berezia duten emakumeak, beren anonimatutik lanbide horiek duin bihurtu zituztenak. Haien artean, eta gure artxiboak gordetzen dituen milaka dokumentuen artean, bi aukeratu ditugu: Geronima Gorospe Mendizabal eta haren iloba Aurea Mendizabal Gorospe.

Geronima Micaela Gorospe Mendizabal Amorebietan jaio zen 1873an eta 1947ko ekainean hil. Rafael Gorospe eta Romualda Mendizabalen alaba, sei anai-arrebatan zaharrena izan zen. Bilbon ikasi zuen eta azterketak Valladolideko Unibertsitatean egin zituen, non lortu zuen irakasle-titulua erditzeetan. 1917an udal emagina izendatu zuten, benefizentzia zerrendako emakumeak artatzeko, eta baserriz baserri ibiltzen zen oinez eta espartinak jantzita. Oso emakume langilea izan zen, ausarta eta nekaezina; esaten dute gerrako frontea zeharkatu zuela erditze batean laguntzeko.

 Josefa Aurea Mendizabal Gorospe Amorebietan jaio zen 1917an, baina bi urte zituenetik Eibarren bizi izan zen bere familia osoarekin, gurasoekin —Pedro Mendizabal eta Josefa Gorospe, Geronimaren ahizpa— eta anai-arrebekin, zeinetatik Mirenek eta Caelok baino ez zuten bizirik iraun. Aldatze Ikastetxean hasi zituen lehen ikasketak, eta ondoren Zaragozako Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean aritu zen, non erizaintzako titulua lortu eta praktikante eta emagin izateko beharrezko ezagutzetan sakondu zuen. Lehen praktikak Gipuzkoako Ospitale Probintzialean egin zituen, eta beranduago, Gerra Zibilean, Echeverria Aldecoa doktore eta Bizkaiko ama berrien etxeko zuzendariaren klinikan egin zuen lan. Eibarren tropa frankistak sartu zirenean, Algortara jo zuten eta inprobisatutako ospitale batean jardun zuen Neguriko txalet batean. Geroago, Eibarrera itzuli zen bere gainerako senitartekoekin batera, eta bertan jarraitu zuen bere karrera profesionalarekin. 2008an hil zen. Haren artxibo pertsonaletik, obstetriziako ikasketetako apunteen koaderno zoragarria gordetzen dugu.

Guk prestatutako bideoaren linka hemen usten dizuegu https://youtu.be/Zi-42W-3IU4