Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bazenekien Toribio Etxeberria kaleak hainbat izen eduki dituela 100 urteetan zehar?

2023/07/11

Badira Eibarren kale batzuk modu desberdinean izendatzen direnak pertsonaren arabera, eta horietako bat erdiguneko Toribio Etxeberria edo Dos de Mayo kalea da. Toribio Etxeberria kalea Ego erreka estali ondoren zabaldu zen, XX. mende-hasieran herria handitu eta eraberritzeko egin ziren obren ondorioz. Bere garaian Ramón Cortazar arkitekto donostiarrak egin zuen trazatu-diseinuan, Espartero politikari eta militarraren izena ematea proposatu zen, baina, udalerriko zinegotziak ados jartzen ez zirenez, hasieran Ardantza kalea deitu zen, haren luzapena zela iritzita. Handik urte gutxira, 1909an, Dos de Mayo izena hartu zuen ofizialki, 1874ko maiatzaren 2an Karlisten armadak menderatutako Bilboko setioaren askapenenean eta Jose Cruz Echeverriaren agindupean parte hartu zuten eibartarren omenez. Askatasunaren aldeko Boluntarioen Batailoia zuten izena eta urteetan askatasunaren aldeko espirituari eutsi zioten.

Eli Ojangurenek azaltzen digunez, hasieran kalea motzagoa zen eta amairen petril bat zuen Murgizuneko etxetik Ardantzaren hasieraraino gurutzatzen zuena, gutxi gorabehera oraingo kalearen 13 eta 14 zenbakien artean.  Gaur egunean bezala, jende asko ibiltzen zen kalean.  Taberna bat zuen, Melitonanekoa;  Osororen harategia, Chopaneko altzari-denda, Cachoren garajea; baita aroztegi bat, ileapaindegi bat eta komertzio batzuk ere. Petriletik haruntzago erreka hasten zen, eta, petrilaren erdian bermatuta, harlangaitzezko irtenune bat zegoen eta elektrizitateko poste bat, errekara bainatzera jaisteko erabiltzen zena.  Gutxik dakitena da, pixka bat beherago, Cachoneko zubiaren inguruan -gaur egun Toribio Etxeberria kale­­ko 23 zenbakian-, Ego errekan zeuden txalupa bakarrak egoten zirela lotuta.  Gomezena, motora formarekin eta arraunekin, piraguak bezala, eta bigarrena, Juan Murgizurena, txikiagoa eta xumeagoa.  Zaila da imajinatzea gaur egungo Eibar honetan nola egiten zuen habia martin arrantzaleak zubiaren ondoan, pikondoen eta Cachoren melokotoi-arbolen gainean, eta nola egiten jauzi errekara, sarbuak, karramarroak edo eskailuak harrapatzeko.  

Gerra Zibila amaitu zenean eta Regiones Devastadas izenekoaren Zuzendaritza Nagusiak egin zuen errekuperazio-lanaren proiektuarekin, errekaren bigarren zatia estali eta kalea oraingo trazaturaino luzatu zen.  1980 jarri zitzaion Toribio Etxeberria izena, nahiz eta Etxebarria beharko zuen berez eta ez Etxeberria, horixe baitzen Eibarko politikari eta idazle eibartarraren abizena.

Eibarren oinezkoentzako kale bat egiteko lehen proiektua izan zen. 1987ko urtarrilaren 7an, onartu zen kaleko berrehun metro oinezkoentzat jartzea, Untzaga plazaren eta Anbulatorioaren artean; eta 2001ean espazio hau eibartarrentzako aisialdi- eta koexistentzia-gune bat bihurtu zen.  

Ehun urteko kale honek herriaren historia pasatzen ikusi du eibartarren joan-etorriekin, eta egun herriko kale nagusienetariko eta jendetsuetariko bat da.