Eibarko Udala

Abendurako agenda anitza antolatu du Immigrazio eta Kultura Aniztasun alorrak

2024/11/25
Abenduko aniztasunaren agenda
Abenduko aniztasunaren agenda
Abenduaren 18a Migratzaileen Nazioarteko Eguna da. Horren harira "AbenduAnitz" agenda antolatu du Immigrazio eta Kultura Aniztasun alorrak ekimen ezberdinez beteta.

Asaari Bibang aktorearen "Humor Negra" umorezko bakarrizketarekin hasiko da abenduko agenda anitza. Coliseo Antzokian izango da, datorren abenduaren 6an, ostirala, 19.00etan. Sarrerak dagoeneko salgai daude.

Abenduaren 12an, Safia El Aadam idazle eta aktibista ezagunak, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako udal Instituko ikasleekin identitate anitzei buruzko lanketa egingo du. Hauek denbora daramate El Aadamen "Hija de inmigrantes" liburua irakurri eta lantzen.

Andretxean, "Etxeko eta zaintza lanak ikusarazten" ekimenaren barruan, "Ispilua" erakusketa egongo da ikusgai, abenduaren 16tik 30era. Abenduaren 18an, Migratzaileen Nazioarteko Egunean, erakusketa irekiera eta doku-foruma egongo da ere bertan, Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren eskutik, "Chica seria y responsable" dokumentalarekin. Sarrera librea izango da.

Bukatzeko, abenduaren 19an, Coliseo Antzokian, ZAS! Zurrumurruen aurkako sarearekin batera, "Atzoko eta gaurko migrazioak" solasaldia antolatu da. Jon Maia bertsolari ezagunak gidatuko du solasaldia eta bertan, jatorri anitzeko hainbat eibartarrek ere parte hartuko dute. Saioak hamaika sorpresa izango ditu. Sarrera librea izango da.

Gozatu aniztasunaz, gozatu AbenduAnitzaz.