Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

“Energia Kit Argitu" iritsi da Eibarrera, herritarrek bere etxeko auto diagnostiko energetikoa egiteko aukera izateko

irudia

Energia Argitu Kit

2022/11/18

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Eibarko udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxean energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko helburua duen kanpaina antolatu du. Kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere.

Kanpaina abenduaren 2ra arte egingo da eta honela burutuko da:

1.    Udalaren bitartez, interesdunei “Energia Argitu Kit” maletak banatuko zaizkie, 2-3 egunetan etxean erabili ahal izateko. Kit horrek aukera ematen du etxeetan neurketak egiteko, energia-gabeziak detektatzeko (aire-ihesak, berokuntza-erradiadoreetako galerak, ur-emariaren kontrola, instalazioaren errendimendua eta galerak, eta abar) eta % 5 eta % 10 arteko aurrezpenak eragin ditzaketen neurri sinpleak hartzea proposatzen du. Maletatxoko tresnak erabiltzeak ez du eskatzen ezagutza teknikorik; beraz, interesa duten pertsona guztiek erraz erabili ahal izango dute.


2.    Behin etxebizitzaren auto diagnostikoa eginda, parte-hartzaileek etxebizitzen birgaitze energetikoko espezialistekin lortutako emaitzei buruzko zalantzak kontsultatzeko aukera izango dute.

Kanpaina honetan parte hartu nahi duten herritarrak udalarekin harremanetan jartzea nahikoa luke: ingurumena@eibar.eus / tel. 943708408.

Kanpaina hau Energia Argitu programaren baitan kokatzen da eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar.