- https://www.eibar.eus/eu/berdintasuna-andretxea/agenda/udaberriko-jabetze-eskolako-ikastaro-berrien-aurrematrikula-epea-1
- Udaberriko Jabetze Eskolako ikastaro berrien aurrematrikula epea
- 2026-02-02T20:00:00+01:00
- 2026-02-24T23:00:00+01:00
- JABETZE ESKOLA
Udaberriko Jabetze Eskolako ikastaro berrien aurrematrikula epea
Udaleko eta Andretxeko webguneetan eta Andretxean aurrez aurre
Beste denboraldi batez, Emakumeen Jabetze Eskola, errealitatea ikuspegi kritiko, dekolonial eta feministatik hausnartzeko, eztabaidatzeko eta aztertzeko topalekua izango da. Estrategia eta aliantza feministak sortzeko eta indartzeko gunea, non ikastaro eta tailer desberdinetatik maila pertsonalean eta kolektiboan indartzeko prozesuak bultzatuko diren.
Eibarko Jabetze Eskolak Udaberri honetan eskainiko dituen ikastaroak honako hauek izango dira:
-
Sendabelarrekin gure gorputzak askatzen ikasi: fitoginekologia tailerra (EUS)
Ikastaro honetan gure inguruko sendabelarretara gerturatuko gara; haiek ezagutu eta identifikatuko ditugu. Zertarako balio duten eta nola erabil ditzakegun ikusiko dugu: nola eta noiz bildu, nola kontserbatu eta nola hartu. Era berean, sendabelar hauekin egin ditzakegun oinarrizko prestaketak egiten ikasiko dugu (beratuak oliotan eta alkoholetan). Baltsamo eta ukenduak egiten ere ikasiko da.
Behin sendabelarrak eta haiekin egin ditzakegun prestaketak ezagutu ondoren, gure bizitzaren fase eta momentu desberdinetan izaten ditugun desorekak tratatzeko egin ditzakegun tratamenduak ezagutuko ditugu, gure osasun eta gorputzen autegestiorantz pausoak emanez.
Aurrematrikula -
Ikasi pentsatzen eta pentsatzeari uzten (GAZ)
Proposamen honek bi zutabe ditu: batetik, feminismoa, pentsamendu kritikoaren proposamen gisa eta botere indibidualaren zein kolektiboaren iturri gisa. Bestetik, arreta osoa edo mindfulness praktika edo bizimodu gisa. Arreta osoa emateak une honetan bizitzeko entrenatzen gaitu, iraganaren hausnarketa edo etorkizunarekiko antsietatea alde batera utzita. Orainean lasaitasuna aurkitzen laguntzen du, intuizioaren jakinduria askatzen eta harremanak hobetzen.
Aurrematrikula -
Nik ere konpontzen dut: etxeko konponketa tailerra (GAZ)
Oso modu praktikoan lan egingo dugu, oinarrizko tresnak erabiltzeko gai izan arte eta hasieran konplexuak iruditzen zitzaizkigun zeregin horiek betetzeko.
Metodologia sinple eta argi batean oinarrituta lan egingo dugu, alderdi teoriko batzuk jorratuz, gure zailtasunak partekatuz eta gure beharretara egokituz.
Aurrematrikula -
Menopausia erronkei aurre eginez: zoru pelbikoko fisioterapia eta nutrizioaren indarra (EUS)
Menopausian gertatzen diren aldaketak eta sintomak ezagutuko dituzu: klimaterioa, hormona-aldaketak eta estrogenoen jaitsiera. Gainera, erakutsiko dizugu elikadurak, atsedenak, ariketa fisikoak eta osagarriek nola lagun dezaketen zure ongizatea hobetzen .
Trantsizio honetan, Zoru Pelbikoak ere aldaketak jasaten ditu: zoru pelbikoa zer den ezagutu, bere funtzioez eta zaintzaz hitz egingo dugu, baita lan-tresnak eskuratu ere, etapa hau ahalik eta hoberen bizitzeko.
Aurrematrikula -
Flamenco feminista tailerra (EUS)
Dantzatzea gustuko duzu? Hala bada, hauxe da zure ikastaroa. Oholtza oinekin astindu, gorputza askatu eta elkarrekin flamenkoa dantzatzeko aukera izango duzu. Aitzakia ezin hobea da gorputza libre sentitzeko eta patriarkatuari flamenko doinuez aurre egiteko. Ikastaro honetan talde-giroan eta erritmo biziz, dantza ez ezik, beste hainbat balio ere landuko ditugu.
Aurrematrikula -
Boterea, ahizpatasuna eta perreoa (GAZ)
Tailer honetan espazio seguru bat sortuko da “Boooty Dance” delakoen potentziala ezagutzeko, boteretsuago sentitzeko tresna gisa. Sexualki esplizituak diren dantzen historia, kultura eta mugimenduak ezagutuko ditugu, hala nola twerk, dancehall queen eta perreoa, begirada feminista eta antirrazista batetik.
Aurrematrikula -
Irrintzi tailerra: jatorrira itzuliz (EUS)
Irrintziak botatzen ikasteko eta haien historia ezagutzeko tailer teoriko-praktikoa. Saio honetan euskal kultura zabaltzeaz gain, ondare inmaterial hori ezagutzera emango da, irrintziak botatzeko gorputza nola erabili eta oihu mota ezberdinak irakatsiko dira, giro lasaian eta lotsa alde batera utzita.
Aurrematrikula -
Dantza energetikoa: mugimendua, gorputz- konexioa eta adierazpen emozionala (GAZ)
Dantza energetikoak barneko emozioekiko lotura erraztu nahi du, musikaren, mugimenduaren, kontaktuaren eta energiaren bidez, integrazio afektiboa eta adierazpen emozionala sustatuz, koreografiarik eta aurreiritzirik gabe mugitzeko askatasunetik abiatuta, unean sentitzen denaren arabera soilik gidatuz. Esperientzia honek barnera begiratzera gonbidatzen gaitu, pentsamendu kontzeptuala eta kanpoko elkarrizketa alde batera utzita, gure gorputzarekin konektatzeko.
Aurrematrikula -
Boxeo feminista (EUS)
Boxeoari buruzko estereotipo ugari daude: besteak beste, gizonen indarra. Hala ere, gero eta emakume gehiagok egiten du boxeoa. Boxeo tailer honetan, kirol honekin lehen harremana eginez, frogatuko dugu boxeoa egiteko zenbait gaitasun tekniko ditugula, eta planteatu ditugun erronka pertsonal eta kolektiboei aurre egingo diegula.
Aurrematrikula -
Autodefentsa feminista: bizitzaren sustraia eta ahots propioaren bila (GAZ)
Autodefentsa feminista ez da indar fisikoarekin hasten, baizik eta seinaleak ezagutzeko, mugak ezartzeko eta segurtasuna bizitzeko gorputzarekin, ahotsarekin eta jarrerarekin dugun loturarekin. Erreakzionatu baino lehen, funtsezkoa da beldurra erregulatzea eta barneko iparrorratza berreskuratzea, izutik jardun gabe. Presentzia eta konfiantza lantzeak ikasitako defentsa eza hausten du eta autonomia indartzen du.
Aurrematrikula
Informazio guztia Andretxearen 2026ko udaberriko programazioaren liburuxkan ere jasota dago.
Aurrematrikulak 2026ko otsailaren 2tik 24ra egin ahal izango dira (biak barne). Udalaren eta Andretxearen webguneetan eskuragarri dagoen online inprimaki bat bete beharko da. Andretxean ere aurrez aurre bete ahal izango da.