Ekintzaileentzako diru laguntzen deialdia kaleratu da

2015/10/07
Lanbidek 71.200 euroko diru-laguntzak emango ditu enpresa ideia bat garatzeko eta enpresa jarduera berriak abian jartzeko. Eskaerak urriaren 5etik azaroaren 9ra bitartean egin ahal izango dira Debegesan, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartean.

Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaileei zuzendutako diru-laguntzen deialdi berria argitaratu du. Alde batetik, 1.000 euro bideratuko ditu enpresa ideia bat garatzeko; % 15 gehiago ekintzaileak 25 urte baino gutxiago baldin baditu eta beste % 15 gehiago emakumea bada. Pertsona onuradunak langabezian egon behar dira eta, aldi berean, enpresa ideia bat eduki.

Bestalde, 1.500 euroko diru-laguntza emango zaie enpresa jarduera berriak abian jartzeko, dagoeneko enpresa edo negozio berria ezartzeko bideragarritasun-plana eginda duten ekintzaileei. Kasu honetan ere, 25 urte baino gutxiago dituzten pertsonei aipatutako diru-laguntza horren % 15 gehiago emango zaie, eta beste % 15 gehiago emakumezkoei. Onuradunek langabezian egon behar dute.

Debegesa, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea, arduratuko da diru-laguntza horiek kudeatzeaz gure bailaran, eta aholkularitza eta laguntza emango die ekintzaile guztiei. Guztira, 71.200 euro bideratuko ditu aipatutako diru-laguntzetara.

Eskaerak aurkezteko epea: urriaren 5etik azaroaren 9ra bitartean

Diru-laguntzak eskuratzeko eskaerak egiteko epea 2015eko urriaren 5etik azaroaren 9ra bitartean egongo da zabalik. Informazio gehiago nahi izanez gero, interesatuek Debegesako web orrialdean (www.debegesa.eus) aurki dezakete, edota ekintzaile@debegesa.eus posta elektronikora idatzita, edo 943-820110 (Vanesa Hortas) telefono zenbakira deituta ere bai.