Proposamenak aurkezteko urratsa

Proposamenak herrigune bakoitzean jarritako postontzietan sartuko dira. Talde Eragileak erabakiko du zein den proposamenak aurkezteko hasiera- eta amaiera-epea; ezingo da hilabete baino gehiagokoa izan.

Proposamenak egiteko, inprimaki bat sortuko da eta eskuragarri egongo da, bai udal webgunean (www.eibar.eus), bai PEGORAn (Herritarrentzako Zerbitzurako Bulegoa). Proposamen-egilearen identitatea eta bere proposamenaren xede den herrigunean bertan erroldatuta dagoela egiaztatzeko, inprimakiarekin batera, proposamen-egileak NANaren edo balio bereko agiriren baten (AIZ, pasaportea…) fotokopia sartu beharko du postontzian.

Udalerrian erroldatutako edozein pertsonak aurkez ditzake egokien deritzen proposamenak , betiere bere auzora edo gunera mugatutako proposamenak badira.

Egindako proposamenak Udalaren webgunean jarriko dira herritar guztiek haien berri izan dezaten; proposamena egiten duenaren datu pertsonalak inolaz ere  ez dira argitara emango.

Proposamen bikoiztuak edo oso antzekoak aurkeztuz gero, multzokatu egingo dira, eta denak batuko dituen proposamen batean jaso. 

Ez dira argitaratuko hizkuntza iraingarri edo mingarria erabiltzen duten proposamenak; giza eskubideen aurka egiten dutenak; oinarrizko eskubideen eta libertate publikoen alorreko lege-araudiaren kontrakoak, eta, bereziki, ohorearen, intimitatearen eta norberaren irudiaren eskubideei dagozkienak; ezta delitua egiteko asmoa dutenak ere.

Halaber,  baztertu egingo dira honelako proposamenak:

  • Udalaren eskumenekoak ez direnak.
  • Proposatzailea erroldatuta dagoen herriguneari ez dagozkion proposamenak.
  • Herrigunearen mugatik kanpo geratzen direnak, hau da, herri osoari begirakoak.

Beraz, irizpide horietakoren bat betetzen duten proposamenak erretiratu egingo dira eta hala egiteko eskatuko zaio Talde Eragileari; talde horrek erabakiko du prozesuaren baztertze-baldintzetara egokitzen diren ala ez. Arrazoi teknikoengatik baztertutako proposamenak udal webgunean (www.eibar.eus) argitaratuko dira, zergatik baztertu diren adierazita.