Eibarko Udalak 2021-2023 Komunikazio eta Gardentasun Plana onartu du

Eibarko Udalaren 2021-2023 Komunikazio eta Gardentasun Plana.

Eibarko Udalaren 2021-2023 Komunikazio eta Gardentasun Plana.

2021/02/23

Onartutako dokumentuak jarraipena eman nahi die Udalak 2016an eta 2017an, hurrenez hurren, onartutako lehen komunikazio- eta gardentasun-estrategiei, eta agintaldi plan honen parte da. Plan berrian jasotzen diren helburu estrategikoak erakundearen barne- eta kanpo-komunikazioa erraztea eta 2021-2023 aldian udal-gardentasuna bultzatzea dira.

Eibarko Udalak, Alkatetzaren Ebazpen bidez, 2021-2023 Komunikazio eta Gardentasun Plan berria onartu du, erakundearen barneko eta kanpoko komunikazioa hobetzeko eta udal-gardentasuna bultzatzeko helburu nagusiarekin. Onartutako dokumentuak 2016-2019 aldirako lehenengo komunikazio-estrategiari jarraipena ematea ahalbidetzen du, baita erakundeak 2017an egindako gardentasun-estrategiari ere.

Plan berria egungo agintaldi planaren barruan kokatzen da, eta bertan proposatutako jarduera-eremua, barnean, Eibarko Udala bera da (udal sailak, zerbitzuak eta unitateak, udal talde politikoak eta sindikatuak), eta, kanpoan, Eibarko herritarrak, gizartea bera, oro har, bai eta hedabideak ere.

Ana Telleria Gobernu Zabalik Ordezkaritzako zinegotzi arduradunaren hitzetan, "Plan berria egin eta ezarri ondoren espero diren onurak udal-arloen eta -zerbitzuen arteko koordinazioa erraztea eta herritarrek eta komunikabideek Udalarekin duten harremanari buruz duten pertzepzioa hobetzea dira".

Komunikazioaren diagnostikoa

Plana udaleko giza baliabideekin eta baliabide teknikoekin egin da, eta, lehenik eta behin, azterketa eta/edo diagnostiko orokor bat jasotzen du, Eibarko Udalak komunikazioaren eta gardentasunaren arloan duen egoera zehazteko. Azterketa hori egiteko, metodologia kualitatiboa aplikatu da, eta, erabilitako tekniken artean, honako hauek nabarmendu behar dira: elkarrizketa, behaketa parte-hartzailea, inkesta, dokumentuen berrikuspena (udal-planak eta -programak, memoriak…) eta udal-komunikaziorako hainbat kanal, hala online nola offline (web-orria eta udal-mikrositeak, sare sozialak, informazio-buletinak edo newsletterrak, aplikazio mugikorra, aldizkariak eta liburuxkak).

Diagnostikoaren fasea 2020ko urria eta azaroa bitartean egin zen. Guztira, 19 elkarrizketa egin ziren: hamabost, udal arlo, zerbitzu eta unitateetako arduradunei, eta beste lau Udalbatzako hautetsiei (alkatea eta oposizioko talde politikoetako bozeramaileak). Halaber, 220 inkesta lortu ziren komunikazioaren eta udal-gardentasunaren egoera baloratzeko: horietatik 90 udaleko langileek, talde politikoek eta sindikatuek bete zituzten, eta beste 130 Eibarko herritarrek.

Honako hauek dira komunikazio eta gardentasunaren arloan erakundeak duen egoeraren azterketa egin ondoren hautemandako zailtasun nagusiak: barne-komunikazioaren koordinazioa eta kudeaketa eskasa; komunikazio instituzionalari eta udal-markaren irudiari buruz herritarrek duten pertzepzio ertaina; irisgarritasunari eta udal-webgunearen edukiei buruzko balorazio moderatua; Udal Gardentasunaren Atariaren puntuazio ertaina eta informazio publikoaren eskaerei erantzuteko atzerapena; eta sare sozial sektorialetan ezarpen eskasa.

Garatu beharreko ekintzak


Egindako azterketaren ondoren, plan berrian zehaztutako helburu estrategikoak hauek dira: 2021-2023 aldian barne eta kanpo komunikazioa% 20 optimizatzea eta udal gardentasunari buruzko komunikazioa aldi berean % 20 bultzatzea. Helburu horiek betetzeko, zenbait hobekuntza-ekintza gauzatuko dira udal-arloen eta -zerbitzuen arteko harremanak errazteko, bai eta Udalak herritarrekin dituen harremanak eta komunikazioa errazteko ere.

Barne-mailan, udal sailen eta proiektu-taldeen bilerak sustatuko dira, udal-intraneta hobetzen eta sare sozial korporatibo bat ezartzeko lan egingo da, Krisiaren Komunikazio Plan eraginkor bat egingo da –egungo beharrekin bat datorrena–, eta erakundearen  ikusizko identitate korporatiboaren proiektu berri bat bultzatuko da.

Bestalde, kanpo-komunikazioa hobetzeko, honako hobekuntza-ekintza hauek garatzea aurreikusi da: www.eibar.eus udal-webgunea eta udal-mikrositeak modernizatzea, informazio-gaurkotasuneko newsletter bat sortzearekin batera; udal-webgunearen eta aplikazio mugikorraren irisgarritasuna hobetzeko proiektua sustatzen jarraitzea; udal-gardentasunaren proiektua eguneratzea eta hobetzea, eduki berritzaileak argitaratuz eta informazio publikoaren sarbiderako administrazio-prozedura berrikusi; Social Media edo Sare Sozialen Plan berri bat egitea, barnean hartuta Telegram-kanal bat sortzea Udalarentzat; Administrazio publikoetan Komunikazioari eta Gardentasunari buruzko I. Jardunaldiak antolatzea; eta Udalaren hautagaitza aurkeztea Gobernu Onari edo Berrikuntzari buruzko hainbat sari, ziurtagiri edo aintzatespenetara (EloGE zigilua, NovaGob sariak, Euskalit sariak, Internet Sariak), kanpoko erakundeek emandakoak.

Plan berrian zehaztutako ekintzak betetzen diren aztertu eta baloratzeko, ebaluazio- eta jarraipen-metodo batzuk zehaztu dira, hala nola ekintza horiek prentsan eta web 2.0n duten eragina, inkestak, sakoneko elkarrizketak eta eztabaida-taldeak egitea, bai eta helburu kuantifikagarriak berrikustea ere, aurrez ezarritako adierazle batzuen bidez.

Aurreko urteetan egindako lanak

Azken urteotan kanpo-komunikazioa hobetzeko egin diren proiektu aipagarrienen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: www.eibar.eus udal web-orriaren berdiseinua; mikrositeen sorrera eta eguneraketa lanak (Kultura, Gobernua Zabalik, Berdintasun Zerbitzua-Andretxea; Armagintzaren Museoa, Ego Ibarra…); sare sozialen eta berehalako mezularitzako aplikazioen ezarpena, hala nola, Telegram (Kulturan eta Berdintasun Zerbitzua-Andretxean); edota mugikorrentzat aplikazioaren sorrera iOS eta Androiden, “Eibarko Udala” izenpean.

Gardentasunari dagokionez, honako ekintza hauek nabarmentzen dira, besteak beste: 2017an, udal-aurrekontuei buruzko webgunearen sorrera, CIVIO Herritarren Fundazioarekin lankidetzan; udal-aurrekontuei buruzko informazio-kanpaina, triptiko baten banaketarekin herriko etxebizitzetan; Eibarko Udalalaren parte hartzea "Etorkizuna Eraikiz" Kongresuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatua, gardentasunaren arloan erreferente gisa, tokiko administrazioaren barruan; Dyntra plataformak Euskadiko udal gardenenei buruz egindako rankingean Udalak lortutako posizionamendu ona (4. postua); 21 zerbitzu-karten sorrera; eta erakundearen lehen Etika eta Gobernu Onaren Kodea.