Eibarko Udala
2026/09/01 07:30
-
2026/09/23 23:00

Jabetze Eskolako udazkeneko ikastaro berrietan aurrematrikula egiteko epea zabalik

Udaleko eta Andretxeko webguneetan eta Andretxean aurrez aurre

EMAKUMEENTZAKO JABETZE ESKOLA

Jabetze Eskolako ikastaro eta tailerrak tresnak eskaintzen dituzte emakumeek beren buruaren eta bizitzaren jabe izateko, maila pertsonalean eta kolektiboan indartzeko, elkarrekin ikasteko, beren parte-hartze sozio-politikoa handitzeko eta errealitatea genero ikuspegi batetik aztertzeko.

Udazkeneko ikastaro eta tailerretan aurrematrikula egiteko epea 2026ko irailaren 1etik 23ra (biak barne) zabalik egongo da. 

Udalaren eta Andretxearen webguneetan eskuragarri dagoen online inprimaki bat bete beharko da.

Andretxean ere aurrez aurre bete ahal izango da.

Udazken honetan eskainiko diren ikastaroak honako hauek izango dira:

Ikastaro honetan aukera izango dugu, arlo profesionalean zein pertsonalean, estresa murrizteko tresnak eta metodoak ezagutzeko. Norberaren erosotasuna, produktibitatea, eraginkortasuna, ongizatea… izanik helburu. Landuko diren teknikak honako hauek dira:  arnasketak, automasajea, bioenergetika eta mindfulness.

Aurrematrikula

Ikastaro-proposamen honetan kakorratz-lana izango da gure aitzakia espazio ziur, intimo eta lasaia eraikiz, pixkanaka, barrutik kanporako norabidean autozaintza, jabetzea eta ahizpatasuna lantzeko.

Aurrematrikula

Zoru pelbikoaren gihar guztiak indartzea da tailerraren helburua. Tailerra edozein emakumerentzat da, bereziki menopausia garaian hasita edo murgilduta daudenentzat  edota umetokiko edo puxikako prolapsoak sufritzen dituztenentzat, pixa-galerak dituztenentzat eta erditu berri dauden emakumeentzat.

Aurrematrikula

Proposamena bi tailerrek osatzen dute, eta osagarriak izango dira:

Lehenengo tailer teoriko-praktikoaren helburua emakumeok bizitzaren etaparen arabera ditugun beharrak ezagutzea izango da.

Geure buruarekiko errespetutik eta ulermenetik abiatuta, eta elikagai on eta txar gisa ditugun estereotipo, mito eta sinplifikazioetatik ihes eginez, gure otorduak birpentsatzeko eta asteko plangintza bat egiteko oinarrizko kontzeptuak ikasiko ditugu: egunerokotasunerako tresna praktikoak.

Bigarren tailerrean elikadura emozionala landuko da; emozioen eta jateko ekintzaren arteko harremana eta hori kudeatzeko gakoak ulertuko dira. Elikadura-estrategiak eta bizi-ohiturak landuko ditugu.

Aurrematrikula

Barrearen, jolasaren, artearen, gorputzaren eta mugimenduaren bidez gure benetakotasunarekin, motibazioarekin eta alaitasunarekin konektatzeko ahalduntze-tailerra da. Nork bere burua zaintzeko espazio bat, esperimentatzeko, desblokeatzeko, gozatzeko, geure burua pixka bat gehiago ezagutzeko eta geure buruarekiko konfiantza handitzeko, barreterapiak eskaintzen duen ikuspegi ludiko, afektibo eta dibertigarritik.

Aurrematrikula

Tailer honen helburua arrazakeria eta kolonialismoa zalantzan jartzea da, gorputzetik eta gozamenetik abiatuta. Horretarako, ikuspegi feminista eta dekolonialetik bidaia soinuduna egitea proposatzen da Abya Yalan zehar, cumbiaren adierazpenetara, sorrerara eta garapenera hurbiltzeko.

Espazio honetan sentipentsatzea sustatzea eta espazio atsegingarri eta seguru bat sortzea espero dugu, gure arteko desberdintasunak ezagutu eta batzen gaituzten erresistentziak sustatzeko, pribilegioak zalantzan jartzeko, alaitasunez aurre egiteko eta elkartasun eta justizia zubiak ehuntzeko.

Aurrematrikula

Tailer honek ongizate emozionalera eta harremanetara bideratutako talde eta bizipen espazio bat proposatzen du, norberaren emozio, behar eta harremanekiko lotura aztertzeko, gorputzetik, sormenetik eta kontzientzia emozionaletik abiatuta.

Amorrua, tristura, beldurra edo errua bezalako emozioak landuko dira, zer behar dugun, nola erlazionatzen garen eta maila indibidualean zein kolektiboan eraiki nahi ditugun zaintzak ulertzeko seinale gisa.

Proposamenak autoerregulazio emozionalerako, indarkeriarik gabeko komunikaziorako eta sormenezko adierazpenerako tresnak biltzen ditu, ikuspegi transfeminista eta intersekzionaletik, entzuteko, parte hartzeko eta zaintza partekaturako espazioak sustatuz.

Aurrematrikula

Autodefentsa saio hauek 6-9 urteko eta 10-12 urteko nesken gorputzeko sentsazioak identifikatzeko diseinatuta daude, norberarengan konfiantza eta borondatea argi adierazteko gaitasuna garatuz. Dinamika ludiko eta praktikoen bidez, gorputz-adierazpena, ahotsaren erabilera eta oinarrizko komunikazio-tresnak landuko ditugu, edozein ingurunetan errotuago eta seguruago senti daitezen. Ikuspegiak gorputzaren eta komunikazioaren arteko harremana lantzea lehenesten du.

*6 eta 12 urte bitarteko neskei zuzendua

Aurrematrikula

Tailer honetan prozesu fisiko eta arteterapeutiko bat egin nahi dugu, kultura patriarkala parte-hartzaileen gorputzean nola inskribatu den identifikatzeko, gugan txertatuta geratu diren aginduetatik askatzeko.

Bizipen-tailerra izango da batez ere, eta ahizpatasun-espazio bat sortuko dugu bertan. Gorputz mugimendua, ahotsa, adierazpen plastikoa, idazketa, isiltasuna eta hitza erabiliko ditugu gugan bizi den barne jakinduria berreskuratzeko, ahalduntzen eta askatzen gaituen begirada feminista eta intersekzionaletik.

Aurrematrikula

Tailer honen bidez, maite dugun pertsona baten galeraren dolua jorratu nahi da, migrazioaren esperientziatik eta zaintzaren ikuspegitik. Proposamen honekin aitortzen da dolua zaildu egiten dela migrazioaren testuinguruan, distantzia fisikoagatik ez ezik, baita alderdi kultural eta sozialengatik ere, eta, kasu batzuetan, hurbileko laguntza sarerik ez dagoelako.

Tailer hau espazio seguru eta kolektibo bat izango da, non emakume migratuek doluari buruz hausnartzeko aukera izango duten. Arte terapia erabiliko da, collagearen bidez, maite ditugun pertsonen memoria ohoratzeko tresna gisa.

Aurrematrikula 

*Emakume migratuei zuzendua. 

*Saio hau doakoa da.

Informazio guztia Andretxearen 2026ko udazkeneko programazioaren liburuxkan ere jasota dago.