Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Toribio Echevarria Sarien banaketa ekitaldia streaming bidez izango da ikusgai Udalaren YouTube kanalean, ostegun honetan, uztailaren 22an

2021/07/21

Aurreko edizioan bezala, sari banaketa ekitaldia Coliseo Antzokian izango da, eta 10:00etan hasiko da. Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatutako Toribio Echevarria Sariek ekimen ekintzaileak aitortzen eta babesten dituzte, bereziki berrikuntza teknologikoagatik.

XXXI. Toribio Echevarria sarien banaketa ekitaldia ostegun honetan, uztailak 22, izango da, Coliseo Antzokian, 10:00etatik aurrera, eta 'streaming' bidez jarraitzeko aukera izango da Eibarko Udalaren YouTube kanalean. Saioa zuzenean jarraitu ahal izateko, aipatutako kanalean edo www.eibar.eus udal-webguneko "Zure intereseko gaiak" atalean sartu ahal izango da.

Duela 31 urtetik banatzen diren sari horiek erreferentzia bihurtu dira Euskadiko ekimen berritzailearen arloan, batik bat arlo zientifikoko edo teknologikoko ekintzailetza-ekimenak hautatzen eta bultzatzen dituzten heinean. Irabazleek, sari bakoitzaren diru kopuruaz gain, laguntza, finantzaketa, aholkularitza, mentoring eta prestakuntzako programak baliatu ahal izango dituzte. 

Sariak

Aurreko urteetan sariak bi kategoriatan banatu dira, “Enpresa-asmoak” eta “Enpresa berria”. Sari horietako bakoitzak 10.500 euroko babes ekonomikoa du, eta laguntza, prestakuntza eta aholkularitzako programak baliatzeko aukera ematen du. Era berean, beste sari batzuk ematen zaizkie ekintzailetza-ekimenei, horien garapen teknologikoa edo nazioartekotze-prozesua babesteko.

Sari horiekin batera, eutsi egiten zaie joan den urtean Eibarko Udalak sortutako bi sari bereziei, “Eibarko enpresa” eta “Espezializazio estrategikoa” sariei. Bi sari horien bidez hiriko berrikuntza eta ekintzailetza berritzaile eta teknologikoaren alde egindako apustua indartuko da. Izatez, bi sari horiek Eibarren jatorria duten edo bertan kokatzeko konpromisoa duten enpresei zuzentzen zaizkie, zehazki merkatuarentzat balio argia dutenei eta inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko ahalmen handia dutenei. Bi sari horietako bakoitzak 10.500 euroko laguntza du eta BIC Gipuzkoaren prestakuntza espezializaturako zenbait programa baliatzeko aukera.

Halaber, sari horien esparruan, Eibarko Udalak “Iñaki Goenaga aitorpena Eibarko enpresari” aintzatespena ematen du urtero, udalerrian dauden enpresen bilakaera eta enpleguarekiko eta garapen ekonomikoarekiko konpromisoa nabarmentze aldera.

Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako ekimen honetan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Ingurunea Departamentuak. Era berean, Gipuzkoako Ganberaren, Elkargiren, APDren, El Diario Vascoren, SPRIren, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburu-elkarteen babesa du.