Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jardunaldi bat egingo da Eibarren ondare dokumentalaren babesari eta artxiboen segurtasun-protokoloei buruzkoa

2019/11/05

Gaian adituak direnek azaroaren 8an hitz egingo dute Portalean, artxiboetako lapurreten prebentzioari eta segurtasun-protokoloei buruz.

Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak, Eibarko Udalarekin elkarlanean, jardunaldi bat antolatu du Eibarren ‘Dokumentu-ondarearen babesa eta segurtasun-protokolo jasangarriak artxiboetan’ izenekoa; ostiralean, azaroak 8, izango da Portaleko areto nagusian.

Jardunaldi honen programazioaren bidez, dokumentu-ondarearen zaintzan eta defentsan parte hartzen duten eragileak bilduko dira, egoeraren ikuspegi zeharkako eta globala lortzeko. Legelariek, ikerketa polizialen arduradunek eta artxibozainek erasoaren, lapurretaren edo dokumentu historikoen galeraren aurrean dituzten zailtasunak azalduko dituzte. Modu horretan, jarduera-protokolo bat prestatu nahi da, artxibozainek guztiona den ondare baten kontserbazioan jardun ahal izateko.

Horretarako, hainbat hitzaldi emango dituzte adituek. Honako hauek hartuko dute parte: Rafael Fresneda, Murtziako Eskualdeko Artxibo Nagusikoa; Martina González Antolín, Ondarea Babesteko Polizia Nazionalaren Brigadakoa; Pilar Sánchez, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Ingurumeneko eta Hirigintzako fiskala; Koldo Olabarrieta, Ertzaintzaren Ondarearen aurkako Delituen Arlokoa, eta José Antonio Sainz, Arabako Foru Aldundiko Artxiboen Zerbitzukoa.

Jardunaldiak bost orduko iraupena izango du, 09:30etik 14:30era. Gaztelaniaz egingo da eta doan izango da. Hala ere, izena eman behar da, plazak mugatuak baitira. Eguna amaitzean bazkari batera joateko aukera izango dute bertaratzen direnek; horretarako, aldez aurretik eman behar da izena.