Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Datorren astelehenean hasiko dira Juan Antonio Mogel kaleko igogailuaren konponketa-obrak

2019/05/10

Thyssenkrup enpresaren jakinarazpena jaso zuen atzo udalak: lanak datorren astean egiten hasiko dira, eta hiru bat aste irautea espero da. Eibarko Udalak hainbat bilera eta telefono-elkarrizketa izan ditu azken hilabeteotan, lanak lehenbailehen has zitezen.

Juan Antonio Mogeleko igogailua konpontzeko lanak datorren astelehenean hasiko dira, maiatzak 13. Hala jakin zuen Eibarko Udalak atzo goizean, Thyssenkrup enpresak Miguel de los Toyos alkateari halaxe jakinarazi ostean.

Obrek, enpresak adierazitako aurreikuspenetan oinarrituta, hiru bat aste iraungo dute.

Joan den otsailean igogailuaren kuadroa kaltetu zenetik, Eibarko Udalak gestio ugari egin ditu bai aurrez aurre bai telefonoz, igogailua lehenbailehen martxan jartzeko atzera ere.

Akatsaren jatorria data horretan gertatu zen argindarraren etena izan zen. Iberdrolak argia kendu zuen inguruan. Hornidurari berriz ekitean akats baten eraginez gainkarga elektriko bat gertatu zen, eta kalte dezente eragin zuen ingurune hartan, bai etxeetako tresna elektrikoetan bai bide publikoko instalazioetan.

Instalazio kaltetuena Mogeleko igogailua izan zen, futbol-zelaiaren ondoan kokatuta dagoena. Igogailuaren ia sistema elektriko guztiari eragin zioten kalteek, bai panelei bai pieza espezifikoei eta instalazioa oso hondatuta geratu zen. Une horretatik, Udala Iberdrolarekin jarri zen harremanetan matxuraren erantzukizunak ezartzeko, hura zehazteko, kuantifikatzeko eta konpontzeko soluzio bat emateko.

Erlazionatutako elementua