Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Asteburu honetan Lan Party ekimenaren edizio berri bat egingo da Uni Encounter jardunaldien barruan

Aurreko edizioetan egindako Lan Party baten irudia.

Irudia: uniencounter.uni.eus.

2020/02/21

Adituen eskutik jarduera teknikoak eta dibulgaziozkoak antolatuko dira; horrez gain, tailer praktikoak eta sareko jokoen lehiaketak ere izango dira.

Eibarko Udalak, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bitartez, Lan Partyan parte hartuko du asteburu honetan, bigarren urtez jarraian. Larunbatean hasiko da ekimena 16:00etan, Uni Eibar-Ermuak Uni Encounterren 16. edizioan antolatutako jardueren barruan, betiere teknologia berriekin lotutako edukiak zabaltzeko asmoz.  

Hala, asteburu honetan, teknologia berrien zaleek aukera izango dute Arena gunean eta Euskaltelek utzitako ordenagailuekin, Counter Strike go, League of Legends edo TFT txapelketetan parte hartzeko, eta Clash Royale eta Pokemos Go jokoetan kontsoletan aritzeko. IFA20ko kontsoletan ere lehiaketak izango dira, eta baita Unira gerturatzen direnek aukeratzen dituzten edozelako partidak ere.

OMNIS taldea arduratuko da ekitaldia digitalki jarraitu ahal izateaz. Twitchean ekimenari dedikatutako kanal batekin, 24 orduz ikusi ahal izango dira bai Lan Partyren jarduera presentzialak bai lehiaketa batzuk, eta ikusle digitalek eta ekitaldian daudenek parte hartu ahal izango dute.

Aldi berean, beste jarduera batzuk ere izango dira, hala nola mahai-jokoen erakusketa eta ludoteka irekia Eibarko Odisea Elkartearen laguntzarekin.

Otsailaren 6an inauguratu zen edizio honetako jarduerak dibulgaziozkoak eta teknikoak izaten ari dira, baina alderdi ludikoa ahaztu gabe. Informatika arloko adituek hitzaldiak emango dituzte, eta tailer praktikoak eta sareko jokoen lehiaketak antolatuko dira.

Edizio honetan, hitzaldi modalitate berri bat egongo da, "UniTalks" izenekoa, hamar minutuz parte-hartzaileen interesekoak diren gaiez hitz egitean datzana. Horren harira, gaur ostirala, otsailak 21, bi hitzaldi egongo dira, bata “Massive Cloud Compromise"ri buruzkoa eta bestea "Unitalk"i buruzkoa. Otsailaren 22ko hitzaldia "Segurtasuna eta publizitatea zure smartpohnean" izango da, eta "Unitalk" hitzaldiaren saio berri bat egongo da.

Uni Encounterren XVI. edizio honen helburua da teknologia berrien mundu honen zaletu guztiek ikastetxeetako ohiko prestakuntza akademikoaz bestelako modu batean gozatu eta ikasi ahal izatea. Gainera, Uni Eibar-Ermuak teknologia berrietako adituak erakarri nahi ditu, aurrerapen teknologikoari eta horrek gizartearen ikuspegitik duen eraginari buruzko ikuspuntu berriak eman ditzaten.

Aldi berean, teknologia berrien mundua inguruko pertsonengana gerturatu nahi da, alderdi teknikoa ez ezik, teknologia berrien erabilera positiboak eta negatiboak ere erakutsiz, hala nola kontrol soziala, askatasuna, alfabetizazio teknologikoa, euskara softwarrean edo informatikaren erabilera berriak.

Halako ekimenetan garrantzitsuak izan ohi da parte-hartzaile eta jarraitzaile kopurua. Eta horren haritik, bertan egongo dira estatu mailako “streamer”-ik inportanteenak, eta uneoro gertatzen ari denaren berri emango dute.

Uni Encounterren aurreko edizioek oso balorazio positiboa izan dute. Lehenik, publiko asko joan delako. Bigarrenik, edukiaren aldetik, hitzaldien maila teknikoa ertain-altua delako. Eta hirugarrenik, jardunaldi hauek aukera ematen dutelako lankidetza-zubi bat eraikitzeko ikastetxearen eta teknologia berrien munduko entitate eta pertsonen artean, eta etorkizuneko proiektuetarako balio dutelako.