Eibarko Udalak hiriko 29 langabeturen kontratazioa bultzatu du 2015ean

2015/12/15
Udalaren eta Lanbideren arteko lankidetzaren bitartez, diruz lagundu ahal izan dira 9 kontratazio berri Eibarko hainbat enpresatan, Kontrataziorako Laguntzak programari esker. Aurten, 90.000 euro bideratu dira aipatutako programara. Bestalde, Eibarko Udalak, Lanbideren kolaborazioaren bitartez hau ere, 20 pertsona kontratatu ditu Udaleko hainbat lanpostutarako.

Lanbideren (Euskal Enplegu Zerbitzua) eta Eibarko Udalaren arteko lankidetzari esker, -Enplegua, Garapen Ekonomikoa eta Berrikuntza sailaren bidez-, Kontrataziorako Laguntza Plan berria garatu ahal izan da 2015. urtean. Eibarko enpresak indarberritzeko xedearekin, eta eibartarren artean lan aukerak gehitzeko asmoz, aipatutako diru-laguntzei esker, Eibarko 10 pertsonak lana topatu dute herriko 9 enpresatan.

Prestakuntza ezberdineko langileak behar dituzten enpresa txikiek, ertainek eta handiek 9.000 eta 3.000 euro arteko diru-laguntzak jaso dituzte langileak kontratatzeko. Aurreko lerroetan aipatutako programan diru-laguntzetarako 90.000 euro aurreikusten ziren guztira, baina kopuru guztia banatu ez denez, soberan geratu dena deialdi berri batean emateko gordeko da. Hala, Eibarko Udalak eibartar guztien lan aukerak errazten jarraituko du. Halere, programa honetan parte hartzeko eskaera egin zuten enpresa guztiek jaso dituzte jada beren diru-laguntzak.

Orain arte egindako hamar kontratazio berrietatik, bi kontratu mugagabeak dira, eta beste seiak kontratu partzialak. Kontratatutako pertsonak 23 eta 49 urte artekoak dira eta beren lanpostuak askotarikoak dira, hala nola, administrariak, saltzaileak, gidariak edota soldatzaileak, hizkuntza irakaslea eta zerbitzaria.

Eibarko Udalak konpetentziarik edo eskumenik ez duen arren, azken urteotan garapen ekonomikoko politikak bultzatzen dihardu, hiriko ehun ekonomiko eta industriala sustatu eta indartzeko helburuarekin.

Kontratazioak Udalean

Udalaren eta Lanbideren diru-laguntzen bidez Eibarko enpresetan egin diren kontratazioez gain, Udalak berak ere, Lanbideren bitartez, 20 pertsona kontratatu ditu 2015. urtean: peoiak, administrariak, ofizialak, komunikazio-teknikaria, gizarte langilea, itzultzailea edo artxiboko teknikaria.

Kontratazio horietan kontuan izan diren ezaugarriak honako hauek dira: emakumea izatea (kasu batzuetan); DBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) jasotzen duen pertsona izatea edota 55 urtetik gorako pertsona izatea beste kasu batzuetan. Lan-kontratuen iraunaldia 2016ko maiatzaren 31arte izango da; horietako batzuk lanaldi osokoak dira eta besteak, berriz, lanaldi partzialekoak.