Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

II. Errepublikaren aldarrikapenaren 85. urteurrena dela eta, apirilean jarduera ugari izango dira

II. Errepublikaren aldarrikapenaren 85. urteurrena dela eta, apirilean jarduera ugari izango dira

Irudian, José Luis González, kultur teknikaria, Jesús Gutiérrez historialaria, Idoia Sarasqueta, Ego Ibarra Batzordearen lehendakaria eta Patxi Lejardi, Kultura eta Euskara zinegotzia Eibarko Udalean (ezkerretik eskumara).

2016/04/05

Aurtengorako aukeratu den gaia “Errepublika eta andrak” da. Euskal Estatutuaren plebiszitua zela-eta 1933ko azaroaren 5ean Eibarrren Indalezio Ojangurenek egin zuen argazkia aitzakia hartuta, balioan jarriko dira berdintasunaren alorrean emakumeek lortu zituzten eskubideak. Aipatutako argazkiaren inguruko jarduerekin batera, bisita gidatuak edota proiekzioak egongo dira.

Eibarko Udalak 1931. urtean II. Errepublika aldarrikatu zuen lehen hiria izan zela ospatuko du aurten ere, ohikoa denez. Bost urtetik behin, berriz, hainbat ekitaldi antolatzen dira eta aurtengorako aukeratu den gaia da “Errepublika eta andrak”. Hala adierazi dute gaur, hilak 5, prentsaurrekoan Kultura eta Euskara zinegotziak, Patxi Lejardik, Ego Ibarra Batzordearen lehendakariak, Idoia Sarasquetak, Jesus Gutierrez historialariak eta Eibarko Udaleko kultura zuzendariak, Jose Luis Gonzalezek, "Poxpolo".

Euskal Estatutuaren plebiszitua zela-eta 1933ko azaroaren 5ean Eibarrren Indalezio Ojangurenek egin zuen argazkia aitzakia hartuta, balioan jarriko dira berdintasunaren alorrean emakumeek lortu zituzten eskubideak. Argazki hura sufragio unibertsalaren eta emakumeen bozkatzeko eskubidearen ikur bihurtu da.

Aipatutako argazkiaren inguruko jarduerekin batera, publiko ororentzat antolatutako ekintza ugari izango dira apirilean. Udal Liburutegiak interesgune eta irakurketa gida bat bilduko ditu "Andrak eta Errepublika" izenburupean, apirilaren 4tik 30era bitartean. Modu horretan, urte haietan hainbat arlotan pisu handia izan zuten emakume batzuk ekarri nahi izan dira aipatutako irakurketa gida eta interesgune horretara: Clara Campoamor, Margarita Nelken, Mercè Rodoreda, María Moliner, Zenobia Camprubí eta Dolores Ibárruri, besteak beste.

Bisita gidatuak

Apirilaren 11tik 29ra bitartean, Indalezio Ojangurenek egindako argazkia oinarri hartuta, bisita gidatuak izango dira Udaletxean DBHko ikasleentzat, "Argazki baten istorioa" izenburupean. Bisita guztiak Nerea Alustiza historialariak gidatuko ditu. Bisita bakoitzean, Udaletxearen aurrean Eibarren II. Errepublika aldarrikatu zenekoa azalduko da. Halaber, foto call-a egingo da Udaletxeko patioan, Emakumeak bozka ematen Eibarren argazkiaren erreprodukzioarekin batera. Argazkia azalduko da eta baita II. Errepublikan emakumeek lortu zituzten eskubideak ere. Parte hartzen duten pertsonek Udaletxeko balkoia bisitatzeko aukera ere izango dute. Ekimenak 40 minutuko iraupena izango du eta bisitak Untzaga plazan hasiko dira. Izen-ematea apirilaren 4tik 22ra bitartean egingo da, 943-708435 zenbakira deituta edota kultura@eibar.eus posta elektronikora mezua bidalita.

Bestalde, Garbiñe Biurrunek, Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko epaileak, "Emakumea, Eskubideak eta II. Errepublika" izeneko hitzaldia eskainiko du apirilaren 11n, 19:30ean, Portalean. Hurrengo egunean, asteartean, apirilak 12, Santiago Arizmendiarrietaren "Mis memorias. La guerra civil española: 20 meses prisionero" liburuaren aurkezpena izango da Udaletxean, 19:30ean hasita. Ego Ibarra Batzordearen argitalpena da.

Apirilaren 13an, berriz, Portalea Kultura Etxeak "Biblioteca en guerra" proiekzioa hartuko du, 19:00etan. Liburutegi Nazionalaren dokumentalaren proiekzioa da, Maria Moliner eta Misio pedagogikoen inguruan.

Ibilbide historikoa

Programazioaren beste alderdi garrantzitsua da Jesus Gutierrez historialariak eskainiko duen ibilbide historikoa, apirilaren 16an, 23an, 30ean eta maiatzaren 7an, "II. Errepublikaren Eibar" izenburupean. Saio bakoitzak hiru ordu iraungo du eta ibilbideen hasiera Untzaga plazan izango da. Horietako bakoitzean Herriko Etxea, Batzokia edota Udaletxeko balkoi nagusia, besteak beste, bisitatuko dira. Talde bakoitzak hogei bat lagun bilduko ditu eta interesatuek apirilaren 4tik 12ra arte eman dezakete izena 943-708435 telefono zenbakira deituta edota kultura@eibar.eus helbidera mezua bidalita.

Amaitzeko, Tanttaka Teatroa konpainiak "El Florido Pensil - Neskak" taularatuko du apirilaren 21ean, Coliseo Antzokian, 20:30ean. Sarrerak 10 eurotan egongo dira salgai.