Eibarko Udalak Eibar-Ermua Gurutze Gorriari hiru etxebizitza laga dizkio 18 pertsona errefuxiatu hartzeko

2016/05/26
Udalak hitzarmen bat sinatu du Gurutze Gorriarekin herrian jasoko diren pertsona edo familien heldueraz arduratzeko eta pertsona horiei laguntza emateko. Pisuak lagatzeko hitzarmenak –izenpetzaileen obligazioak jasotzen dituena– urte biko iraupena du; hala ere, lau urtera arte luza daiteke. Etxe-lagapen honekin Eibarko Udalak bere konpromisoa berretsi du: errefuxiatuak hartzeko ahal den guztian laguntzeko konpromisoa, joan zen urteko irailean Eibar "Abegi herri" deklaratu zenean adierazitakoaren bidetik.

Eibarko Udalak hiru etxe utzi ditu, herriarenak, 18 errefuxiatu hartzeko. Horretarako hitzarmen bat sinatu du Gurutze Gorriarekin eta pisuak haren eskuetan lagako ditu, hura izango baita errefuxiatuen etorreraz eta haiei laguntza emateaz arduratuko den erakundea. Miguel de los Toyos alkateak eta Juan Maria Urruzuno Euskadiko Gurutze Gorriko idazkariak gaur izenpetu dute hartutako akordioaren baldintza guztiak eta erakunde bakoitzak hartzen dituen obligazioak jasotzen dituen hitzarmena.  

Hitzarmenean jasota dagoen moduan, Udalak Gurutze Gorriari hiru etxebizitza utziko dizkio denbora jakin baterako. Urte bikoa izango da etxebizitza horietako bakoitza erabiltzen lagatzeko epea  eta epe hori laguntza-programaren garapenarekin dago lotuta. Hala ere, hitzarmenak ezartzen du epe hori urtero luzatzeko aukera dagoela, gehien jota, lau urte arte.

Hitzarmenaren arabera Udalari dagokio etxebizitza horien arrisku orotako aseguruaren kargu egitea, etxebizitzak erabiltzeko moduan egoteko beharrezkoak diren obrak egitea,  jabeen elkarteko derramak ordaintzea eta gainerako konponketak egitea; baita OHZ eta komunitatearen gastuak ordaintzea ere.

Gurutze Gorriak bere aldetik ardura hauek hartuko ditu: etxe horietara jaso diren pertsonei laguntzea eta etxe bakoitzeko hornidura-gastuak (gasa eta argindarra) eta zerbitzuak bere gain hartzea.  Gurutze Gorriak ordainduko ditu  pisuetan egin daitezkeen kalteek sortutako gastu guztiak.

Udalak eta Gurutze Gorriak solaskide bana izendatuko dute hitzarmenaren jarraipen batzorde bat eratzeko, hitzarmenari nolabaiteko egonkortasuna emango dion batzordea. 

Hitzarmenak helburu hau du: “Nazioarteko Babesa eskatzen duten pertsonei edo familiei edo/eta errefuxiatuei etxebizitza duin bat eskaintzea." Hitzarmen horrek gogora ekartzen du Eusko Jaurlaritzaren ekimenez lan-talde bat eratu zela, hiru Foru Aldundiak, Eudel eta Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udaletako ordezkariak biltzen dituena, denen artean jarduketa-plan bat koordinatzeko, “hainbat herrialdetako pertsona errefuxiatuak hartzeko,  erakundeek giza-eskubideen eta duintasunaren alde hartutako konpromisoa."

Jarduketa horren esparru barruan Eibarko Udalak parte hartu du lan-talde horretan, eta lagatzeko moduan dauden etxebizitza batzuk dauzkanez bere laguntza eskaini zuen pertsona edo familia horietako batzuei ostatu emateko.  Gurutze Gorria entitate pribatu bat da, diru irabazi asmorik gabekoa, pertsona hauek jasotzeko gestioak egiteko agindua duena. Esan behar da Eibar-Ermua Gurutze Gorriak garatzen duela Nazioarteko Babes Programa Globala, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren Migrazio zuzendaritza orokorrarekin elkarlanean arituta.

Etxe-lagapen honekin Eibarko Udalak bere konpromisoa berretsi du: errefuxiatuak hartzeko behar den guztian laguntzeko konpromisoa, joan zen urteko irailean Eibar "Abegi herri" deklaratu zenean adierazi zuenaren ildotik jarraituz.  Aurreneko errefuxiatuak Euskal Herrira etorriko zirela entzuten hasi zen une hartatik Udalak beti erakutsi du bere jarrera proaktiboa, dauzkan ondasunak eskaintzeko prest, bai ondasun ekonomikoak, bai azpiegiturak.

Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan “hitzarmen hau izenpetzea garrantzia handikoa da, hiru etxebizitza lagatzen baitigu. Ostera, benetan beharrezkoa dena, nabarmentzekoa, etxe horiek okupatzea da. Horregatik, berriro ere errefuxiatuak Eibarrera iristea erreibindikatzen dugu, orain dela hilabete batzuez geroztik iragarri den bezala, eta etxe horiek horretan erabiltzea.  Hitzarmen hau azken hilabete hauetan eman ditugun pausu horietako beste pausu bat baino ez da, baina orain honen helburua lortzea falta da, Eibar abegi herri bilakatzea eginez ez bakarrik esanez eta hartutako konpromisoz."

Eibarko Udalak Eibar-Ermua Gurutze Gorriari hiru etxebizitza laga dizkio 18 pertsona errefuxiatu hartzeko

Irudian, Gurutze Gorriaren Euskadiko Idazkari Autonomikoa, Juan María Urruzuno (ezk.) eta Eibarko Alkatea, Miguel de los Toyos (esk.).