Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak diruz lagunduko ditu DBE jasotzen duten Eibarko familietako seme-alabak, eskolaz kanpoko jardueretako matrikularen % 70a ordainduta

2015/09/29

Udalak diru-laguntzak emango ditu Afariketan, Multikirolak bezalako aktibitateetan parte hartzeko edota Musika Patronatuak eta Zeramika eta Margo Udal Eskoletako matrikulak egiteko. Eskaerei erantzuna emateko 20.000 euroko aurrekontua dauka Eibarko Udalak. Diruz lagundu beharreko familia-kopurua uste baino handiagoa bada, aurrekontua gehitu egingo da.

Eibarko Udalak eskolaz kanpoko jarduerak ordainduko dizkie DBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) edota DSBL (Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza) kobratzen duten Eibarren erroldatutako familietako seme-alabei.

Hala, udal zerbitzuek eskaintzen dituzten ekintzetako matrikularen % 70a diruz lagunduko du Udalak. Esandako udal zerbitzuok hauexek dira: Afariketan, Multikirolak, Musika Patronatua, Zeramika eta Margo Udal Eskolak eta Jazinto Olabe Haur Hezkuntza Zentroko Ludoteka.

Eskaerei erantzuna emateko 20.000 euroko aurrekontua dauka Eibarko Udalak. Laguntza eskatzen duen familia-kopurua uste baino handiagoa baldin bada, aurrekontua gehitu egingo da. Horrela, eskaera orori erantzutea eta eskaera bakar bat bera ere diru-laguntza gabe ez uztea bermatu nahi da.

Diru-laguntzen ordainketa matrikula ordaindu eta gero egingo da. Diru-laguntza jaso nahi duten familiek egunotan matrikula ditzakete beren seme-alabak aurreko lerroetan aipatutako jarduera horietan. Eibarko Udalak, familia bakoitzari dagokion laguntza, urtea amaitu baino lehen ordaintzeko asmoa du.

Diru-laguntza hauekin  Eibarko umeek eskolaz kanpoko jarduera guztietan parte har dezatela: horixe da Eibarko Udalak nahi eta bermatu nahi duena, haien prestakuntzarako osagarri gisa, aisialdirako aukera eskaini.

PSE-EEk eta EH-Bilduk bideratutako aurrekontu-akordioaren baitan sustraitzen da ekimena, koalizio abertzaleak urte honetako aurrekontuen inguruan zuzenketa aurkeztu eta gero adostutako ekimena.