Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar Alzheimerrarekiko Hiri Solidarioa

2013/01/22

Gipuzkoako alzheimerdunen eta bestelako dementziadunen senitartekoen eta lagunen elkarteak (Afagi) Eibarko Udalari bere deklarazioarekin bat egitea eskatu dio eta honek, 2013ko urtarrilaren 21ean ospatutako Bozeramaile Batzarraren bileran, aho batez hartu zuen onartzeko akordioa.

Eibarko Udalak arazo larri honekiko duen kezka adierazi nahi du “Alzheimerrarekiko Hiri Solidario” izatea erabakiz.

Alzheimerra dementzien artean nagusia da gaur egun. Dementzia mota honen eragina 3,5 milioi pertsonek pairatzen dute Estatuan, gaixoak eta horiek zaindu behar dituzten senideak kontuan hartuta. Zentzu honetan, osasun eta gizarte mailan ematen den arazoa dela onartzen du honela Udalak eta familia dela zama handiena bere gain hartzen duena.

Oraindik ez dago tratamendu eraginkorrik ezta prebentzio sistema egokirik ere gaixotasun larri honen ondorioak mugatzeko. Gainera, hurrengo urteetan gaixotasuna gailenduko da gaixo kopurua bikoiztuz, batez ere, biztanleriaren bizitza itxaropenaren luzapena dela eta.

Familia batean alzheimerrak sortu ditzakeen zuzeneko zein zeharkako gastuak 30.000 eurotik gorakoak izan daitezke eta gaixo eta senideen beharrei aurre egiteko eskura dauden osasun eta gizarte baliabideak eskasak dira. Europako legebiltzarrak, Europako komisioak eta duela gutxi, Munduko Osasun Erakundeak hainbat gomendio luzatu dituzten arren, ez dago gaixotasun honen kalteei aurre egiteko plan zehatzik.

Instituzio-deklarazio honen bitartez, Eibarko Udalak gaixotasunari buruzko aliantzak bultzatu duen egitasmoaren alde egin du. Egitasmo honek alzheimerraren inguruko politika abian jartzea aldarrikatzen du.

Biztanleria zahartzen ari dela eta honek dementziaren bat jasateko dakarren arriskuaren jakitun, Eibarrek, Alzheimerrarekiko Hiri Solidario bihurtuz, beste udalerri batzuentzat adibide izan nahi du eta baita sentsibilizazioa eta kontzientziazioa bultzatu ere.