Eibarko Udala

Xerka-argazki erakusketa: Euskal landa-eremuko LGTBIQ+ komunitatearen istorioak eta erretratuak

Euskal Herriko landa-eremuko bost pertsona queerren bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen ditu Xerka fotokazetaritza proiektuak, eta LGTBI+ komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze-prozesu isila lantzen du. 

Martxel Larraza Indaburu eta Joseba Olagarai Goienetxe kazetariek Xerka hitzaldia emango dute Andretxean 2026ko ekainaren 4an, euskaraz. Solasaldiaren ondoren, ekainaren 10era arte argazki-erakusketa ikusgai egongo da. 

Hitzaldian hainbat lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren nortasunak eta bizi-esperientziak ezagutaraziko dituzte. Ekimenak, hain zuzen, helburu du mezu positibo bat transmititzea: euskal landa-eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz. Izan ere, sexilioa deitzen zaio sexu-orientazioa edo genero-identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte-ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBI+ pertsonen migrazio behartuari.

                               

Epea: 2026ko ekainaren 4tik 10era.

Hitzaldia: ekainaren 4an, osteguna, 18:00etan.

Egileak: Joseba Olagarai Goienetxe eta Martxel Larraza Indaburu.